- Lemniskatak, Goierriko zientzia elkarteak, azken bederatzi urteotan antolatu dituen ekintza eta solasaldiei esker, goierritarrak mundu honetara gerturatzea lortu dute, eta aurtengoan ere, urte berriari hasiera emateko antolatu dute matematikari zuzendutako zikloa: Urtarrila, Matematikaren bila.

Datozen hiru ostiraletan egingo dira ekintzak, guztiak 19.00etan hasiko dira eta Igartza Jauregian burutuko dira. Honakoa da egutegia: ostiral honetan, Cuentas y cuentos: matemáticas y literatura, Marta Machoren eskutik. Datorrenean, urtarrilak 22, Raul Ibañez izango da hizlaria eta Las matemáticas en tus manos izeneko hitzaldia zuzenduko du. Urtarrileko azken ostiralean, berriz, hiru ekintza batuko dira. Hasteko, VII. Lemniskata Matematika Argazki Lehiaketako sari banaketa egingo da. Aurtengoan 241 argazki aurkeztu dira lehiaketa honetara; “gehienak Estatukoak badira ere, nazioartetik ere jaso ditugu, tartean Iran eta Vietnamekoak”, nabarmendu dute Lemniskatakoek. Sari banaketarekin batera emango zaio irekiera argazkiak biltzen dituen erakusketari. Hori ez ezik, zikloari amaiera emateko beste hitzaldi bat ere egingo da. Kasu honetan, Matematika posta-zigilutan, izango da, Alexander Aginagalde hizlari izanik.

Ekitaldi guztiak doakoak izango dira, azken urteetako dinamikari jarraituz.