- Negua iritsi da, elurrarekin gainera. Eguraldia zenbait gauzetarako lagun izango ez bada ere, Zaldibian ekintzak antolatzen jarraitzen dute, Negu bizia kultur agendaren barnean. Hala, gaur bertan, Artzainen Herri Kirolak izango dituzte 11.00etatik 13.00etara bitartean, Resti pilotalekuan. Adin guztietako pertsonei zabaldua da, eta bertan artzainen egunerokotasunean dauden hainbat ekintza egiteko aukera izango dute zaldibiarrek.

Jolasekin jarraituz, urtarrilaren 7an jolas erraldoiak, jolasen tailerra eskainiko da, antzokian, Txatilipurdi taldearen eskutik. Goizez izango da, 11.00etan hasita, eta Lehen Hezkuntzako 1, 2 eta 3. mailakoei zuzenduta egongo da. Egun berean, gainera, ginkana ere egingo da Resti pilotalekuan, antolatzaile berdinen eskutik. Kasu honetan, Lehen Hezkuntzako 4, 5 eta 6. mailako ikasleek parte hartu ahalko dute.