- Ekomodo enpresaren sortzaileetako bat da Aritz Gartzia ordiziarra. Ikasten ari zela interesgarria iruditu zitzaion gaia, eta haren etorkizuna bermatzeko helburuz buru belarri aritu da lanean. Hala, proiektua pausoak lehenago ematen hasi bazen ere, iaz sortu zuten enpresa.

"Erabilitako plastikozko botilen enborra erabiliz egiten ditugu produktuak", azaldu zuen. Oraingoz ordenagailuentzako zorroak, motxilak, mugikorra tente eusteko aparailuak, boligrafoak gordetzeko kartapazioak, poltsak eta kamisetak atera dituzte. "Datorren urteko erronka material berria ateratzea dugu", gehitu zuen.

Ekonomia zirkularraren garran-tziaz aritu zen ordiziarra: "Izatez, sor-tzen ez den zaborra da onena, baina askotan, sortzen denez, ondoren horren erabilera eta bizitza zenbatekoa den aztertu behar dugu. Ahalik eta bizi gehien edo luzeena izatea da gakoa". Adibideak ere jarri zituen: "orain arte egin dugun proiektu garrantzitsuenetakoa Irizar enpresarekin elkarlanean izan da. Bertako langileek erabilitako plastikozko poltsak jaso, eta horiekin materiala sortu dugu, eta ondoren banatu".

Urte desberdina izan da beraien-tzat ere bai. Hasiera batean zituzten epeak eta helburuak 100%ean betetzea zaila izan bada ere, dagoeneko eman dute pausoa eta Estatuko 20 dendetan baino gehiagotan aurkitu ahal dira haien produktuak: "Askorekin kontaktatu genuen, baina pandemia medio, itxita zeuden gehienak. Hala ere, askok egin dute apustua eta espero dugu laster Ekomodok presentzia izatea bertan".

Birziklatzeaz gain, ingurumenarekin errespetuz jokatzeko deia ere egin zuen Gartziak, batez ere, azken egunetan Ordizian agertutako zaborren irudiei erreferentzia eginez.