- Urtero Gabonetan egiten duten moduan eta Iparraldeko ikastolei laguntzeko asmoarekin, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Amaren intxaurrak emanaldia eskainiko dute Majori Kiroldegian igande honetan, abenduak 20. Aurten ez da aurrez aurreko aurkezpenik izan egoerak hala behartuta, baina igandean iparraldeko lagunak presente izango dituzte emanaldietan zehar.

Gauzak horrela, hasiera batean joan den larunbatean jarri ziren salgai sarrerak, webgune bidez. Halakoa izan zen erantzuna, zerbitzariak ezin izan ziola erantzuna eman uneko erabiltzaile kopuruagatik. Horregatik, Ordiziako Udalak erabaki du sarrera guztiak itzultzea, eta aurrez aurreko salmenta egitea.

Gainera, emanaldi bakarra izan beharrean bi izango dira: bata arratsaldeko 16.00etan eta bigarrena 18.30ean. Hala, gaur eta bihar izango da txartelak lortzeko aukera, 9 euroan bakoitza. Beti Alai pilotalekuan egokituko dira salmenta guneak eta arratsaldeko 17.00etatik 20.00etara eskuratu ahalko dira. Jakinarazi dutenez, pertsonako gehienez ere hamar txartel erosi ahalko dira.

Heriotzaren gaia askotan tabu bat izaten da, baina Pirritx, Porrotx eta Marimototsek zuzenean helduko diote gaiari emankizunean. “Arrazoia argia da, heriotza ere presente dago gure egunerokotasunean”, agertu dute.

Orain arte landutako gai zerrenda zabala da, besteak beste, familia eredu anitzak, kultura aniztasuna, hezkidetza, bizikidetza, inklusioa, natura eta gaixotasuna.

Amaren intxaurrak proiektuaren helburua da heriotzaren gaia haur eta gaztetxoekin, eta haiekin batera, familiekin ere lantzea. Horregatik, igandeko ikuskizunak familia osoarentzako gomendagarriak dira. “Gai honen inguruan ez da hitz egiten askotan, nahiz eta gu denok ukitzen gaituen. Denak jaiotzen gara eta denak hiltzen gara”, zehaztu dute sudur-gorriek. Ez dago zalantzarik bizitzarekin batera doala heriotza, eta natural den hori modu naturalean sentitu, pentsatu eta barneratu behar genukeela uste dute. “Proiektu honen bidez heriotzaren errealitatearen aurrean pertsonon ahaldun-tzea dugu helburu, gai honi gu guztiok osatzen dugun komunitatetik erantzunez, familiatik, lagun artetik, eskolatik, auzotik, herritik…”, gaineratu dute. Hala, igandean emanaldi berri honetaz gozatzeko aukera izango dute haur, gaztetxo eta helduek.

Arratsaldeko 17.00etatik 20.00etara eskuratu ahalko dira sarrerak Beti Alai pilotalekuan, eta pertsonako gehienez 10 erosi ahalko dira