- Orain arte ezaguna zen Agenda 21 programak izena aldatu, eta hemendik aurrera Eskolako Agenda 2030 izenez izango da deitua. Agenda berri hau, Nazio Batuetako Erakundeak adostutako Garapen Iraunkorreko 17 Helburuetan oinarritzen da, eta eskoletan horien inguruko lanketa egiten dute, txikitatik ingurumenarekiko errespetua bultzatuz, eta, batez ere, munduan pobrezia desagerrarazi, planeta babestu eta pertsona guztiei oparotasuna bermatzea lortu nahi du.

Itsasondoko Urkipe Herri Eskolak gaiari helduko dio ikasturte honetan, eta kokatuta dagoen ingurunea aprobetxatuz, teoria eta praktika modu zuzenean uztartzeko aukera izango dute eskolako partaide direnek. Aurtengoan egokitu den gaia honakoa da: lehorreko ekosistemetako bizia.

“Oso helburu zabala da: lehorreko bizitza babestea, lehengora-tzea eta modu jasangarrian erabili dadila sustatzea, basoak modu jasangarrian kudeatzea, basamortutzearen aurka borrokatzea, lurren degradazioa gelditzea eta lehengoratzea, eta biodibertsitatearen galera gelditzea”, nabarmendu du Arantxa Oria, Itsasondoko Eskolako Agenda 2030 programaren koordinatzaileak, eta gaineratu du, oraingo honetan, zehazki, basoen inguruan arituko direla.

Programa hau Itsasondoko Udalak bultzatzen du, eta Artelatzek Ingurumen Zerbitzuakek garatzen du Urkipe Herri Eskolako kideekin batera.

“Ikasturtean zehar, ikaslegoarekin batera, hausnartzeko aukera paregabea dugu”, adierazi du Oriak. Dagoeneko lanean hasita daude, eta parte-hartzea zabala izaten ari da: eskolako partaide guztiak, ikasle, irakasle zein guraso, aldaketaz informatuz eta motibazio fasean sartuta daudela esan du koordinatzaileak.

Aurrerantzean egingo dituzten ekimenen berri jakinaraziko bada ere, aurreratu dute hemendik aurrera eskola inguruko eta herriko basoen diagnostikoa egitea egokituko dela, beti ere aurtengo helburua zein den kontuan hartuta. Halako galderei erantzutea egokituko zaie, besteak beste: “Zer da baso bat? Zerk osa-tzen du basoa? Landaketa eta basoa, gauza bera al dira? Nolakoa da gure ikastetxearen ingurua? Eta herria? Zenbat berdegune eta baso daude herri eremuan? Zein kontserbazio mailetan? Eta bere kudeaketa?”.

Hala, Urkipekoek modu zuzenean izango dute aukera herriko mendi eta basoen inguruko diagnosia egin, eta bertako errealitatearen argazkia ateratzeko. Finean, ondoren beharrezko neurriak har-tzeko modu osasuntsuan manten-tzeko zonaldea.