- Lehenengo aldiz Zeraingo Udalak bono kanpaina abiatu du, herriko hirugarren sektoreari laguntza emateko asmoarekin. Zerainen erosi, bertako ekoizleak babestu! izena duen kanpainak ostalari, dendari eta ekoizleei esku bat botatzeko balioko du.

Bonoak ekoizle bakoitzak salduko ditu 10 euroren truke. Gainera, erosten diren lekuan bertan erabili beharko dira, beraz, bonoa erosi eta gastatzeko tokia berdina izan beharko da. Herriko sektoreak ere bat egin du egitasmoarekin, eta Oiharte eta Otatza sagardotegietan, Mandio eta Ostatu tabernetan, Mandio dendan, Aranburu, Basazabal eta Garoa gaztagileetan eta Mendarte baserriko produktuetan erabili ahalko dira.

Zeraingo Udalak bono kanpaina abian jartzeaz gain, laguntza ere eskainiko du. Izan ere, txartel bakoi-tzak 12 euroko balioa izango du erabiltzerako orduan. Beraz, erabiltzaileak 10 euro jarrita 12 euro erabili ahalko ditu, gainontzekoa Udalak jarriko baitu.

Gauzak horrela, herritarrei herrian kontsumitzeko deia egin die Udalak, eta bertakoa sustatzekoa.