Aldaizeaste honetan argitaratu du ehungarren zenbakia. “Izatez festa batekin ospatu nahi bagenuen ere, egoerak behartuta hori bertan behera gelditu da”, azaldu du Izaskun Vazquez, erredakzio taldeko kideak.

Ehun zenbaki, eta mila bizipenen berri eman du Aldaizek. 2004. urtean Illati Euskara Elkarteko kideek sortu zuten egitasmo hau. Euskaraz irakurtzeko ohitura bultzatu nahi zuen, eta kalitatearen aldeko apustua egin zuten lehen urratsetik. Bi helburu finkatu zituzten orduan: euskaraz irakurtzeko zailtasunak zituztenek gaitasun hori eskuratzen laguntzea eta herriko informazioa ematea.

Idiazabalgo etxe guztietara doan banatzen da aldizkaria, eta horrek hainbat “buruhauste” ekartzen dituela onartu du taldekidea den Nerea Garciak. “Aldaizeren finan-tziazioan laguntzen duten guztiei eskerrak ematen dizkiegu”.

Egun bederatzi pertsonek osatzen dute Aldaize, eta guztiek borondatez egiten dute lan bertan; sei emakumezkok eta hiru gizonek. Gainera, beste hamar bolondresek banaketa lanak egiten dituzte, etxez etxe, inor aldizkari gabe geratu ez dadin. “Aldizkari aberatsa sortzen saiatzen gara”, gehitu du Garciak.

Zenbakitan, urte hauetan 650 idiazabaldarrek parte hartu dute eta herriko 22 eragilek; 2044 orrialde osatu dira herriko albiste eta kontuekin, eta urte hauetan 20 pertsona aritu dira erredakzio lanean. 50 aletik hona, nahiko lan talde finkoa mantendu da. 100 zenbakian erredakzio taldearen berri ematen dute, ohiko edukiak ahaztu gabe. “Aldaizeren atzean nor dagoen erakusteko balio izan ditu gehigarri honek”, dio Vazquezek.

Erronka berriak ere badituzte. “Ez dakigu 200 zenbakira iritsiko garen, baina erronkarik ez zaigu faltako: besteak beste, diseinu berria, eduki berriak eta aldaize.eus webgunea”, adierazi du.

Idiazabaldarrek duten altxor handienetakoa da, dudarik gabe.