- Jarduera ekonomikoaren sustatzeko lanetaz eta azpiegituren kudeaketaz arduratzen da Sprilur, Eusko Jaurlari-tzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen saileko Spri taldearen kidea. Hirigintzako Garapen Jasangarriko gidaliburua 2011. urteaz geroztik aplikatzen da, eta aldiro eguneratzen da; hain zuzen, bertan jasotzen dira azpiegitura industrial jasangarrien garapenean hartutako helburu korporatibo eta estrategikoen nondik norakoak.

Donostiako EHUko Ingeniaritza Zibileko Fakultateko 4. mailako ikasleek aukera izan dute gidaliburua martxan jarri eta benetako proiektu batean txertatzeko. Hain zuzen ere, Lazkaoko Kanpandegiko urbanizazio-proiektua baliatu dute sortu gidaliburuan jasotzen den online ikaskuntzarako metodologia eta tresna gisa aplikatzeko, ezagutzak barneratzeko, eta jardunbide egokiak aplikatzeko euren ikasketa planetan.

Halako egitasmoak aurrez aurre ikustea baino esperientzia hoberik ez dagoenez, Sprilurreko ordezkariak, Lazkaoko Udaleko kideak eta Kanpandegiko urbanizazio eta garapen jasangarriko proiektuko teknikari eta adituak, Lazkaon izan dira aste honetan, Ingeniaritza zibileko ikasleekin batera, eta bertan eraiki-tzen ari diren industrialdeko urbanizazio lanak bisitatzeko aukera izan dute. Ikasleek lehen pertsonan eta bertatik bertara ikusteko aukera izan dute nola doazen sortze lanak, eta nola aplikatzen diren gidaliburuak azaltzen dituen jarraibideak urbanizazio-lanetan, alegia, bai diseinuko fasean, bai lanak egiterako orduan ere. Dokumentuaren helburu nagusia da urbanizazio proiektu eta lanen jasangarritasun gradua baloratzea, proiektu eta lan horiek zuzentzea eta, gainera, ingurumena errespetatzen duten neurriak aplikatzea edozein urbanizazio-proiektu gauzatzeko prozesuan.

Goierri Beheko Industrialdeak aurreikusi duen industrialde proiektua da Lazkaoko ia irteeran kokatzen dena, Ataunako bidea hartuta. Dagoeneko bertako lanak martxa onean doaz, eta industrialguneak hartuko duen eremu guztia begirada bakarrez ikusi daiteke han ingurutik pasatuz gero.

Ez da nolanahikoa izango. Eraikuntzek bi maila edo garaiera izango dituzte, eta errepide batek inguratuko du perimetroa nabeetara zuzenean sartzeko. Urbanizazio-fase honetatik aterako den partzeletako batek, esaterako, 3.000 m2ko okupazio azalera izango du, eta 6.000 m2ko azalera eraikigarria. 21.3 izeneko partzelak, berriz, 4.500 m2ko okupazioa eta eraikigarritasuna izango du, eta 21.2 partzelari dagokionean, 4.500 m2ko okupazio azalera duenak, 9.000m2 aprobetxagarri izango ditu bi altueratan. Hau da, guztira 19.500 m2 eraikigarri ditu Lazkaoko Kanpandegik. Eraikitze lanak amaitutakoan nabe modularrak eraiki ahalko dira, baina enpresa interesatuen beharren araberakoak izango dira ondoren egin beharrekoak.

Gaur gaurkoz ez da lur mugimendu handirik egiten ari bertan, "ingurumen arloko eta garapen jasangarriko irizpideak errespetatuz". Gainera, aurreratu dute, beheko mailaren indusketatik ateratako lurra betegarri gisa erabiliko dela goiko maila urbanizatzeko.

Ingurunearekin bat egin eta ahalik eta inpaktu gutxien eragiteko asmoz 12.788 m2 espazio libre eta gune berde izango ditu eremuaren inguruan. Era berean, gune berdeetan eta Agauntza errekaren ibarrean bertako espezie eta landareak landatuko dira, espazioak eta ingurunea paisaian integratu daitezen. Bidegorri batek zuzenean konektatuko ditu herria eta eremua. Goierri Beheko Industrialdeak bertan 3,5 milioi euroko inbertsioa egingo duela ere aurreikusi du.

EHUko Ingeniaritza Zibileko Faktultateko ikasleak Lazkaon egiten ari den obra baliatu dute ezagutzak barneratzeko