Zaletuentzako Argazki Rally lehiaketa izango da gaur Ataunen

Ataungo Udalak 16. edizioa antolatu du gaurko, eta izen- ematea goizean egin beharko da, 10.00ak bitartean

04.10.2020 | 01:00

ataun – A Ataun Udalak antolatuta, gaur egingo da Argazki Rallyaren 16. edizioa. Argazkilaritza ofiziotzat ez dutenentzako zuzenduta egongo da aurten ere lehiaketa. Parte hartu nahi dutenek horretarako aukera izango dute, goizeko 9.00etatik 10.00ak bitartean, Udaletxe aurrean. Bost euro ordaindu beharko du rallyan parte hartu nahi duen bakoitzak. Hori egin ostean, ekitaldiaren antolatzaileek aurten argazkia atera behar dieten gaien zerrenda emango dizkie partaideei.

Gaur egun argazki digitalak izaten dira halako lehiaketetan aurkeztu beharrekoak, eta memoria txartelak begiratuko zaizkie lehiaketa hasi baino lehen, ordu-muga barruan ateratakoak izan daitezela ziurtatzeko asmoz. Gauzak horrela, partaideek herriko txokoak bisitatzeko aukera izango dute; Ataunek badu alde horretatik zer eskainia, ingurune berdez jantzita, baserri eder ugari daude, eta gune ezkutu eta bereziak ere bai.

Herrian argazkiak ateratzen arituko dira goizean zehar, eta eguerdian, 13.30etik 14.30era bitartean ateratako argazkiak entregatu beharko dituzte. Aukeraketa egin ahalko dute argazkilari lanetan ibili direnek, izan ere, gehienez 36 argazkirekin osatutako txartela utzi beharko diete antolakuntzako kideei. Argazkiak kolorezkoak edo zuri-beltzezkoak izan daitezke, baina manipulatu gabeak izan beharko dira derrigorrez guztiak, eta JPG formatudunak.

16. edizioaren irabazleak 300 euro eta oroigarria jasoko ditu, eta bigarrenak 150 euro eta beste oroigarri bat. Lehen herritarrarentzako ere egongo da sari berezia: 90 euro eta oroigarria, eta bigarren ataundarrarentzat, bi txuleta eta bi botila ardo. Sari banaketa azaroaren 14an egingo da, 12.00etan, Herri Antzokian. Iaz, esaterako, ia 50 argazkilarik parte hartu zuten.