- "Herritarrei arduraz eta elkartasunez jokatzeko deia egiten dizuegu eta kanpotik etortzeko ohitura dutenei aurtengoan ez bertaratzeko eskaera egiten diegu. Horretarako bere esku dauden neurriak hartuko ditu Udalak", azaltzen da Osoko Bilkurak bozkatu duen bigarren puntuan.

Zaldibiako Udaleko bi alderdiek eta herriko beste hainbat eragilek bat egin dute mezuarekin: aurten ez da Zaldibian festarik izango. Aho batez onartutako erabakia izan da udalbatzako kide guztien artean. Horregatik, urriaren 5etik 12ra inolako ekintzarik ez dela antolatuko gogorarazi dute, herritarrei arduraz jokatzeko deia eginez.

Lanketa bat egin da erabakia hartu eta herritarren iritzia jasotzeko. Hala, Iztueta Dantza Taldea, Txanbolinteroak, Beti Gazte Elkartea, Ausa Gaztelu Guraso Elkartea, Etxekonekok Elkartea, Aske taldea, Bertso Eskola, Zapiak Bat Elkartea, Almitza Sega Elkartea, Etxerat Elkartea eta Presoen lagunak, Zaldibiako Gazte Asanblada, Ardiki Kofradia, herri-guneko ostalari, Gaztelu eta Zubi-Buru Elkartearekin batera bilera egin zuten, eta beste erabakirik ezin zela hartu ikusi zuten.

Ez ekintzarik, baina udazkenera begira kultur ekitaldiak antolatzeko asmoa ere agertu du Udalak, bai herritarrek behar dutelako, eta kulturaren sektorearekin lotutako sor-tzaileek ere bai. Horregatik, datozen hilabeteetarako antolatu diren ekimenetan parte hartzeko gonbita luzatu die Zaldibiko Udalak herritarrei.

"Elkar zaintzeko garaia da, herriak herria zaintzekoa", gogoratu dute festen atarian egongo ziren honetan.