- Ataunen horren ezagunak ez diren animaliak eta fauna izango dituzte hizketagai irailaren 17tik urriaren 4ra. Lehen natura zikloa antolatu du Otsotarrak elkarteak eta gai horiek izango ditu ardatz.

Denbora tarte horretan bi hi-tzaldi, hiru ibilaldi eta film emanaldi bat eskainiko dituzte. "Hitzaldi laburrak izango dira, ordu erdi baino motzagoak. Gonbidatu bakoitzak bere arloaren inguruan hitz egingo du. Jende askorengana iritsi nahi dugu, eta arina izango da zikloa", nabarmendu dute elkartekideek.

Herritarrek herrian bertan zer dagoen ezagutzera eman nahi dute. Lehen saioa 17an izango da eta Ataungo fauna, gaurko eta etorkizuneko erronkak izenburupean Maite Laso eta Ion Garinek gaia jorratuko dute, 19.00etan, herriko zineman. Ibilaldi batekin jarraituko dute. Hilaren 20an, Domoanbarrena hegal egiten Aitor Montes biologo segurarra izango dute gidari. Goizeko 9.00etan abiatuko dira San Martingo plazatik.

Ugatza Ataungo altxor ezkutua da, eta horren inguruan mintzatuko dira irailaren 25ean Quebrantahuesos Fundazioa eta Aldundiko basozaina. Zineman izango da hitzordua, 19.00etan. Animalia hauetako bi edo hiru ale bakarrik daude Aralar eta Urbasa inguruan eta horien ezagutzaren inguruan arituko dira. Hurrengo egunean, 26an, beste ibilbide bat eskainiko du Ataungo lehen natura zikloak: Saguzarrak, gure bizilagunik onenak. Kasu honetan ere San Martingo plaza izango da abiapuntua, 19.00etan, eta Naturtzaindiarekin laguntzarekin kontatuko dute saiorako.

Urrian bi ekintza egingo dira. Batetik, 2an, film emanaldia: Barbacana, la huella del lobo. Herri antzokian izango da, 19.00etan eta Alberto Menor zuzendariak ere parte hartuko du solasaldian, telematikoki bada ere. Bestetik, urriaren 4an, Baso galduaren bila ibilbidea egingo dute, Kaxetatik abiatuta, goizeko 9.00etan. Aitzakiarik ez, beraz, Ataungo faunan barneratzeko.