- Hainbat erabaki hartu ziren joan den astean uztaileko Zaldibiako Osoko Bilkuran. Nabarmentzekoa da Euskara Sustatzeko Erakundearen Plana (2018-2022) aho batez onartu zutela. Hain zuzen, Zaldibiako Udalak eta UEMAk urteroko programa garatzen dute, arloz arlo euskara sustatzeko hainbat helburu zehaztuz. Neurri hauek Plan Estrategiko baten baitan egiten dira, eta hain zuzen ere, plan hori onartu du aho batez Osoko Bilkurak.

Eztitxu Mujika alkateak azaldu duenez, aurtengo planak “egoki-tzapenak” eskatuko ditu bizi dugun egoera medio, baina “nola edo hala saiakera” egingo dela euskararen sustapenari eusteko. Besteak beste, haur eta gaztetxoen Uda Bizia programa aipatu zituen, eta baita herriko ostalariekin martxan jarri den Bertatik bertara kanpaina, herrira bisitan joaten direnei zerbitzatzeko mahai-zapiak banatuz.

Horrez gain, Zaldibiako Udaleko eraikitze ordenantza behin-behinean onartzea ere bozkatu zuten. Alkateak eta hirigintza batzordeko arduradunak adierazi zutenez, iazko irailean onartu zen batzordean lanketa hau hastea eta azken bileran, berriz, emaitza Plenora eramatea onartu zen. Bide honetan Udaleko bi talde politikoek adierazpen bat adostu zuten Ordenantza honen jatorria, helburua eta hemendik aurrerako konpromisoak azaltzen dituena. “herri-guneko etxebizitza hutsak eta landa-eremuko baserriak berregokitu eta zahar-berritu daitezen bultzatu nahi dugu eta norabide horretan lan egiteko konpromisoa hartzen dugu, Udaleko Hirigintza batzordean horretarako bideak jorratuz”, zehazten du adierazpenak.