- Orain artekoak telematikoki egin dira Udalbatzaren osoko bilkurak, baina segurtasun neurriak mantenduz, dagoeneko ohikotasunera itzultzen ari dira. Kasu honetan, Udalbatzak aztertu dituen gaietan egon da COVID- 19ak eragindako osasun-krisiaren ondorioz negozioak itxi edo jarduera murriztua izan duten ostalaritza, merkataritza eta zerbitzu sektoreetako titularrei zuzendutako laguntzak. Eta jasandako galerei aurre egin ahal izateko, honakoak izan dira onartu direnak: zabor eta terrazetako tasak ez dituzte ordaindu behar izango 6 hilabetez, 2020ko bigarren seihilabetekoari dagokiona.

Horretarako, Udalbatzak antolakuntza batzordeak proposatuta, ordenantza fiskalen eranskinen aldaketa onartu du. Bozketan aho batez onartu zuten udal talde guztiek proposamena eta beraz, hala egingo da. Hobariaz gozatu nahi dutenek, baina eskaera egin beharko dute eta horretarako www.beasain.eus webgunera jo eta eskaria bete webgunearen bitartez. Hala, terrazetako hobaria aplikatuko zaie bide publikoa mahai eta aulkiekin okupatzeko lizentzien titulardun guztiei.

Osasun krisi honek eragindako galeren inguruko erabakia ez da bakarra izan. Hain zuzen, lokalaren IBIagatik ordaindutako zergaren %30a itzultzeko hobariak ere martxan jarriko ditu Beasaingo Udalak. Udal gobernuak udalerriko ostalari, merkatari eta zerbitzu sektoreetako kaltetuekin adostutako lagun-tza hauek Udalbatza osoaren onespena jaso zuten. Laguntza horiek eman ahal izateko Udal gobernuaren kudeaketa eta aurreikuspenari esker diruzaintzako gerakinetik bideratuko dira.

Osasun-krisiak eragindako kalteei aurre egiteko Udalak erabakitako neurrien artean aurkitzen dira laguntza hauek eta, besteak beste, udalerrian erosketa sustatzeko bonoak eta uraren tasari ezarritako laguntzak ere batzen zaizkie; beraz, esan liteke Udalak hainbat proposamen abiatuko dituela hirugarren sektorea biziberritzeko asmoarekin bizi dituzten garai beltzei argia emanez.

Ekaineko osoko bilkuraren gai zerrendako proposamen guztiak aho batez onartu ziren, bakarra izan ezik. Euskara ikasteko diru laguntzetan ez zen adostasun osoa izan, EH Bilduk aurka bozkatu zuen eta. Mahai gainean izan zuten gaia hau izan zen: Udal Euskaltegian euskara ikasten ari direnentzako dirulaguntzak emateko baldintzak. Zehaztapenen artean dirulaguntzak jasotzeko Beasainen erroldatua eta 16 urte baino gehiago izan beharko direla azaltzen zen, langabetuei matrikularen %100 ordainduko zaiela eta ikastaroaren arabera gainontzekoei matrikularen erdia edo %75ekoa. Proposamenak, nahiz eta oposizioaren kontrako bozkak jaso, aurrera atera zen.

Beasaingo Osoko bilkuran aztertutako beste gaien artean, alarma egoeraren ondorioz itxi zen Loinatz eguneko zentroaren irekiera eta etxez etxeko zerbitzua berriro martxan jartzeko proposamenak izan ziren, eta horiek guztiak ere onartuak izan ziren. Eguneko zentroaren irekierarako baldintza berrien arabera, zerbitzua asteko zazpi egunetan eskainiko da, baimendutako erabiltzaileen gehieneko kopurua %70 izango da eta Aldundiak zentroaren kontingentzia eta egokitzapen plana onartu beharko du.

Bestalde, maiatzeko osoko bilkuran EH Bildu taldeko Maddi Imazek zinegotzi kargua utzi ondoren, haren ordezkoa izango den Aitor Urdangarin Irastortzak hartu zuen zinegotzi postua.

Hirugarren sektoreko onuradunek zabor eta terrazetako tasak sei hilabetez ez ordaintzeko eskaria egin beharko dute