- Orain gutxi, Beasaingo Udalak berrikuntzak egin zituen Igartza Monumentuaren inguruan ur kanalei dagokionean, eta errota ondoan aurkitzen den zatirik sakonena itxiturarekin babestu eta kartel berriak jarri zituen. Halako lanetan beti agertzen dira zaborrak, eta kasu hau ez da salbuespena izan: errotako antepara trabatzen zuten harri eta zabor asko atera ziren. Orain, baina, beste itxura bat hartu du eta Udaletik herritarrei arduraz jokatzeko mezua zabaldu zaie. "Harririk ez botatzeko oharra eta bainurako debekua adierazita dauden arren, badira oraindik ere arau hauek hausten dituztenak", agertu dute. Jabetuta daude arazoaz, eta eskaera beste behin helarazi die herritarrei. Bestalde, bertan ezin da bainatu arriskutsua delako. Bertan ura xurgatzen eta ponpatzen duen makina bat dago eta ez bada arduraz jokatzen ezbeharren bat izan daiteke.

Aldaparoa berritzeko lanak, Akupuntura urbanoaren filosofiari jarraituz egin dira. Asmo nagusia, toki edo eremu degradatuak, erabilera urrikoak berreskuratu eta biziberritzea du helburu. Honela, espazioen aprobetxamendua handitu eta herri, atsegin, eroso eta irisgarriagoa eraikitzen jarraitzeko asmoa agertu du Beasaingo Udalak. Eta ez dira izan gutxi gune honetan egin diren berrikuntzak; besteak beste aldaparoaren hondoko zaborrak garbitu eta ur-ponpagailu bat egokitu da korrontea sortzeko kanalean, informazio panelak berritu dira eta ur-kanalaren zubitik aurrera errotaren alboan, lorontzi eta baranda jarri dira.