- San Joan bezperan ekitaldi asko bertan behera gelditu ziren Goierrin, eta suak nagusi izan ziren baserrietan, baina ez herriguneetan. Egun hauen bueltan, baina, badira data zehatzak ospatu nahi izan dituztenak eta pandemiak eragotzi ez dituenak. Lazkaoko kasua da hori hain zuzen ere, non Zubierreka auzoan San Joan eguna ospatu zuten.

Dudarik gabe, COVID-19aren eragina oraindik ere nabaritu daiteke; inor ez dago salbu eta zenbaitetan beldurra ere nagusi izaten da. Horregatik ez zuten eguna ohi bezala ospatu eta beste alternatiba batzuk pensatu zituzten. Hain zuzen ere, meza eta hamaiketakoa antolatu zuten auzokoek, eta giro apartarekin elkartzeko aukera izan zuten.

Bertako ermita San Juan Txiki izenez da ezaguna. Ospakizunera gerturatzeko aukera izan zuen Kepa Zubiarrain, Lazkaoko alkateak eta gustura mintzatu zen halako ekin-tzak, segurtasuna oinarri izanda, antolatzen jarraitzeaz. Hala nabarmendu du: "Egoera berezi honetan bada ere, gure usadio zaharrak mantentzeko asmoz, Udaletik honelako ekintzak babesten jarraitzen dugu, eta eskertzekoa da auzotarrek borondate osoz burutzen duten lana". Auzo hau herrigunetik urbil badago ere, industrialdea da nagusi bertan. Leku ederra da hala ere, eta bertan dago presa, Agauntza ibaiaren pasoarekin batera.

Lazkaoko festak bertan behera gelditu ziren, izan ere, alarma egoera indarrean zegoen eta etxean egotea beharrezkoa zen birusaren hedapena ez handitzeko helburuz. Herritarrek erantzun "oso ona" izan zuela nabarmendu zuen orduan alkateak. Orain, baina, poliki-poliki mugak gainditzen joatean eta herritarrek haien askatasunaz gozatzeko aukera duten honetan, balioan jarri nahi izan du herritarrek halako egunak ospatzen jarraitzeko egiten duten esfortzua. Hori bai, orain arteko moduan, Lazkaoko Udalak herritarrei "arduraz" jokatzeko eskatzen die; egunez egun positibo kasu berriak agertzen dira eta.