- Beasaingo Usurbe Antzokian ostiral honetan ekin diote berriz ere zinema denboraldiari. Orain gutxi eraikin barrua berritua izan zen, iazko azaroan amaituz lanak, eta beste hainbat hobekuntza ere egin dituzte denboraldi honetan, berriz ere martxan hasteko guztia prest egon zedin.

"Segurtasuna eta erosotasuna, eta oro har zerbitzu on bat dira lehen helburuak eta hasteko zinea eskainiz eman du lehen pausoa", azaldu dute Udaletik. Oraintxe zinema eta antzokien irekiera %60 gehienezko aforoarekin dago onartuta, aurrez eserlekuak esleituz. Usurbe Antzokiaren kasuan, kopuru hori %50 eta %60 artekoa izatea erabaki dute, izan ere, egin diren berrikuntza lanen ondoren 363 eserlekura igo zen ohiko aforoa. Beste aretoetan egingo den moduan, saio guztiak zenbakituak izango dira banakako eserlekuetan hemendik aurrera, baina bi eta sei pertsona bitarteko taldeak eseritzeko multzoak ere onartzen dituzte, betiere distantziak mantenduz. Hori bai, aforoa araudien aldaketei moldatuko da, eta baita ikusleen beharrei ere.

Sarrerei dagokionez, leihatilako ilaran segurtasun distantzia mantentzea eskatzen da, baina, batez ere, online salmenta butzatuko dute. Gainera, aurtengo denboraldiko bonoak erabilgarriak izango dira 2020-2021 denboraldian ere.

Zinemaz ondo gozatu ahal izateko beharrezkoa da soinua zain-tzea. Hala, zinemaren soinu sistemaren digitalizazioa amaituta dago dagoeneko; aretoko inguruneko bozgorailuen orientazioa hobetu da, eta estereo efektua gehitu zaio. Beraz, lehen aldiz, filmak Dolby Digital 5.1 sisteman entzuteko aukera izango da Usurbe An-tzokian.

Higienea ere bermatuta egongo da saio bakoitzaren aurretik eserleku guztiak desinfektatuko direlako.