- Kultur eta kirol agendak erabat aldatu dituzte koronavirusaren hedapena sahiesteko hartu diren erabakiek. Gaur bertan dagoeneko ia ez dago ekintzarik, eta bihar zen Goierri Rallysprint proba ere ez da egingo. Ibai Agirre eta Xabi Garmendia antolatzaileekin orain arteko balorazioa egin dugu.

Azkenean, oraingoz behintzat, ez da jokatuko Goierri Rallysprint proba.

-Ibai Agirre: Bai, bazter guztietatik gomendatzen zuten halakorik ez egitea, eta horregatik erabaki genuen bertan behera uztera. Hori erabaki eta ordu betera atera zen oharra esanez eskola kirola eta federatua ez zirela egingo abisu berriren bat izan artean; beraz, ondo hartutako erabakia izan da.

Zazpigarren edizioa izango zen asteburuan jokatu behar zena. Beste datarik baduzue?

-Xabier Garmendia: Orain ikusi egin beharko da ea datarik badagoen, ez dakigu nola joango den eta beraz, itxarotea besterik ez zaigu gelditzen.

Orain arteko edizioen balorazioa nolakoa da?

-I.A.: Xabi eta biok hasieratik gabiltza antolakuntzan, eta esan dezakegu balorazio positiboa egiten dugula. Harro sentiarazten gaituen ekitaldia da dudarik gabe, izan ere, beti ikuspegi solidarioarekin antolatu izan dugu Goierri Rallysprinta. Hasiera batean Lazkaoko San Benito ikastolarekin egiten genuen elkarlana, ondoren Stop Sanfilippo elkartearekin, eta badira urte batzuk Aspanogiren alde izaten dela Goierriko hiru herri hauek igarotzen dituen lasterketa.

Zehazki zerbaitengatik jarraitzen duzue Aspanogi elkartearekin?

-I.A.: Argi eta garbi esanda, gozamena da elkarte honekin lan egitea. Bittor Andonegi, Aspanogiko zuzendariarekin harremanetan gaude beti eta hark kontatzen dizkigu zeintzuk diren elkartearen asebeharrak egunerokotasunean. Gure aldetik, plazer bat da ahal dugun heinean laguntzatxoa ematea eta ekonomikoki ekarpena egiteko aukera izatea haien egunerokotasunean hobeto bizi daitezen.

Noiz hasten zarete antolakuntzakoak elkartzen edizio berri bat martxan jartzeko?

-I.A.: Normalean urte bukaera aldera hasten gara elkartzen. Taldean, gaur gaurkoz, zortzi kide gaude gutxi gorabehera.

-X.G.: Bai, hori da. Erritmo lasai batean hasten gara azaro aldera, eta azken bi hilabeteetan maizago egiten ditugu juntadizoak; astero hasten gara bilerak egiten. Egia da beste urteetako esperientzia ere badugula eta horregatik orduko plan-gin-tzak hartu eta ikusten dugula zer eta nola egin genituen gauzak. Horrek lana errazten du.

Maila oneko partaideak elkartzen dira urtero Goierrin rally honi esker, ezta?

-I.A.: Bai, hona etortzen diren gehienak amateurrak dira, baina kalitate aldetik beti oso maila altua erakutsi dute. Askok esfortzu handia egiten dute, ekonomikoa ere bai txapelketak irauten duen bitartean, baina partaide guztiak gustura egoten dira ibilbidearekin.

Urtero zerbait aldatzen duzue lasterketan. Zergatik?

-X.G.: Urtero ibilbidea berdina izaten da baina aldaketa txiki batzuk gehitzen dizkiogu. Hasiera eta amaiera beti leku berean jartzen badira ere, guretzako garrantzitsua da urtero aldaketa txikiak egitea, bestela partaideek buruz jakingo dute ibilbidea eta horrela beste xarma bat du.

-I.A.: Aurtengoan Gaintzara doan bidetik hasi, Larraitz, Zaldibia eta berriz Lazkaomendirako bidea hartu behar zuten gidariek, Lazkaoko hilerriko kurban amaitzeko proba.

Data zehatzik ez duzue, baina gogotsu zaudete?

-I.A.: Bai, badugu zer eskainia eta oso gogotsu gaude jaialdia hau antolatzeko. Gainera, babesleek ulertu dute ezin dela egin segurtasunagatik, eta horrek ere laguntzen du.