beasain - Bareak merkatari elkarteak eta Beasaingo Udalak antolatuta, azokaren hamargarren edizioa ospatuko da bihar eta etzi. Urte guzti hauetan arrakasta handia lortu duen ekintza izan da, non dendek erosleei azken orduko aukerak eskaini dizkieten, eta beti izan du harrera ona beasaindarren artean ez ezik, beste herrietatik gerturatu direnen artean.

Hala, parte-hartze zabala izango du beste behin ere egitasmoak. Hain zuzen ere, 21 saltokik parte hartuko dute. Hasiera batean, Erauskin plazan kokatuko dira hamabi denden postuak, baina eguraldi txarra egiten badu Loinazko San Martin plaza azpira mugituko da azoka. Han izango dira Alzuri, Andreak, Argi, Bi Love, Fotoetxe, Ipotx, Kilimak, Kux Kux, Mujika Txirrinduak, Pergola, Udaberri eta Xalo. Bestalde, gainontzekoak haien denden aurreko aldea aprobetxatuko dute denboraldiko beherapenak eta aukerak ikusgai jartzeko: Alzuaran, Amets, Anitz, Aramburu, Arku, Arnedoko Txokoa, Bereciartu, Cortes, Hazia Loradenda, Ipotx, Itoitz, Jauregi Optika, Migdala, Mirari Mertzeria, Orki, Oskarbi, Pergola, Phuket, Vicuña Sport, Xalo, Yañez eta YS Harriak. Beraz, denetik egongo da, arropak, osagarriak, loreak, mertzeriko gauzak, bitxiak, txirrindularitzarekin lotutako materiala, argazkigintza eta optikarekin lotutakoak.

Azken orduko erosketak egin nahi dituztenek, edo denboraldi amaierako beherapen handiez gozatzeko tartea hartu nahi dutenek bi egunetan izango dute horretarako aukera, goiz eta arratsaldez. Honako ordutegia izango du: goizeko 10.00etatik 13.00etara, eta arratsaldean 16.30etik 20.00etara. Ez da ekimen bakarra izango; Segurako talogileak ere ez dute aukera galduko eta bertan izango dira, eta, horrez gain, Arteka eskulan dendak tailerra ere eskainiko du. Ostiralean izango da hitzordua Loinazko San Martin plaza azpian, arratsaldeko 17.30ean, eta haurrei zuzendua izango da.

Beasaingo Udalak sorreratik babestu duen ekintza da hau, izan ere, legegintzaldiko ardatzetako bat da herria bizirik mantentzeko egitasmoak sustatzea eta beasaindarrek haien beharrak asetzeko aukera eskaintzen dituen herria bultza-tzea. Halako ekintzak, dudarik gabe, bertako dendentzako sostengu bihurtzen dira, merkatariei eta herritarrei onurak ekarriz.