ordizia - Joxe Miguel Carton eta Ander Kerejetak osatutako bikote azpeitiarrak eskuratu zuen lehen postua Ordiziako Argi Berri Elkarteak antolatzen duen txapelketan, 2.000 euroko saria barne.

Arratsaldeko 16.00etarako 136 bikote aurkeztu ziren eta Urdaneta eskolako aretoetan elkartu ziren jokoan, ordu erdi beranduago. Bertan elkartzen dira beti hasierako faseetan, bestela, elkartean bertan ez baitira horrenbeste pertsona sar-tzen. Mus txapelketa azkarra bezala izendatua dago lehiaketa hau, izan ere, partida galtzen duen bikotea kanporatu egiten da eta irabazten duen jarraitzen du aurrera. Beraz, aukera bakarra izaten da finalera iristeko: jokatzen diren partida guztiak irabaztea.

partaidetza zabala Aurtengoan iazko partaide zenbaki bera lortu da, 136. Horietatik gehienak herritarrak izan dira, 23 bikote ordiziar, eta ondoren lazkaotarrak izan dira gehiengoak, zazpi bikoterekin. Hala ere, Argi Berri elkarteko mus txapelketa Euskal Herriko hainbat herritara zabaltzen da, datuek ageri moduan: Tolosatik zazpi bikotek parte hartu zuten, Beasaindik seik, Zaldibiatik bostek, Etxarri Aranaztik lau izan ziren... bestalde, Nafarroatik ere gerturatu ziren, hala nola, Iruñea, Leitza, Bakaiku, Lakuntzatik; Bizkaitarren parte hartzea ere nabarmena izan zen Ea, Ispaster eta Elorrioko bikoteekin, eta Agurain eta Gasteizko bikoteek osatu zuten Arabako ordezkaritza.

Guztira, 49 herritatik inguratu ziren muslariak eta giro ederra bizi izan zuten ahal zuten hoberen joka-tzen zuten bitartean. Dudarik gabe, Argi Berri elkarteko kideak "oso gustura" daude halako parte hartze zabala izateagatik, eta ikusten dute urtez urte musak goierritarren zein euskaldunen artean errotuta jarrai-tzen dutela, datuek hala berresten dutelako. Beraz, aurrera begira partaide datu hauetan ibiltzea dute helburu.

goierritarrak Final handia elkartean bertan jokatu zuten eta ilun-tzeko 22.45erako amaituta zegoen norgehiagoka. Bertan, Haritz Artola eta Ander Tello Lazkaoko bikotearen aurka aritu ziren azpeitiarrak, eta, azkenean, lehia estuaren ostean, 3-2ko emaitzarekin gailendu ziren. Hauek 1.000 euroko saria jaso zuten; hirugarren postua, berriz, Ramon eta Julen Malkorra bikoteak eskuratu zuen, eta 500 euroko ordainsaria eraman zuten hondarribiarrek.

Manolo Garcia eta Agustin Alonso izan ziren postu onena eskuratu zuten ordiziarrak, laugarren gelditu ziren eta 250 euro lortu zituzten. Bosgarrenak Joxe Luis Azurmendi eta Igor Ormazabal zegamarrak izan ziren, seigarrenak Patxi De Pablo eta Jexux Biurrun beasaindarrak, zazpigarren Joxe Angel Aramendi eta Iñaki Arizaga azpeitiarrak, eta zor-tzigarren postuan gelditu ziren Abaltzisketako Xabi Goikoetxea eta Uxer Mozo. Ordiziar lehen bikoteak, sariaz gain, bi arkume ere eskuratu zituzten eta Argi Berri elkarteko lehen bikotearentzat, Asier Etxarri eta Gorka Holgadorentzat, bi afari suertatu ziren.

Zozketak ere egin zituzten. Bost antxume zenbaki hau zutenak eskuratu dituzte. 1256, 1404, 4869, 5608, 0240, eta bost arkume, berriz, 5513, 3993, 3162, 2004, 5900 zenbakidunek.

136 partaide eta sei ordu pasatxoko jokoa utzi ditu aurtengo Argi Berriko edizioak, baina dagoeneko hurrengoari begira daude muslari eta antolatzaileak.