beasain -Beasainen jokatuko da aurten ere Urrezko Binakako Aizkora Txapelketaren finalerako azken pasea lortzeko aukera. Antzizar Kiroldegia izango da norgehiagokaren kokalekua, igandean 12.00etatik aurrera. Aurtengoa 20. edizioa da, eta bertan erabakiko da zeintzuk jokatuko duten final handia.

Lehian arituko dira Mikel Larrañaga eta Jon Rekondok osatutako bikotea, Ruben Saralegi eta Eneko Otañoren aurka. Finalerako txartela eskuratzeko, baina, gogor borrokatu beharko dute eta bost proba osatu beharko dituzte, neurri eta modalitate ezberdinetakoak, eta horiek ahalik eta ondoen eta azkarren osatu beharko dituzte.

Txapelketa honekin hasteko aizkolari bakoitzak 45 ontzako enbor bana ebaki beharko erlojuaren kontra. Hori osatu ostean, txanda librean, kana erdikoa ebaki beharko dute aizkolariek. Hirugarren proban, berriz, oinbiko enborra erdi bana moztu beharko dute eta laugarrenean, aizkolari batek zutik eta jarraian besteak etzanda, 45 ontzako enbor bana ebaki beharko dute. Azkenik, eta proba hau ere txanda librekoa izanik, kana erdiko lau enbor eta 60 ontzako bi moztu beharko dituzte. Ohiko moduan, bost proba hauetan aizkolariek egiten dituzten denborak batu egingo dituzte, eta ibilbidea azkarren osatu duen bikotearentzako izango da finalerako txartela.

Aipaturikoa, ordea, ez da izango ikuskizun bakarra: Urrezko Banakako Txapelketako bosgarren jardunaldia ere jokatuko da eta bertan Irati Astondoa zenauritarra eta Maika Ariztegi iturendarra lehiatuko dira. Egoera desberdinean daude partaideak, izan ere, Astondoak hiru puntu dituenez, dagoeneko abantaila du eta igandean eskuratu dezake finalerako pasea. Ariztegirentzako irabazteak bakarrik balioko du, bestela txapelketatik kanpo geldituko baita. Beraz, lehia bizia eta estua espero da iganderako. Eginbeharren artean izango dute erlojuaren kontra 0,86 metroko diametroko enbor bat ebakitzea eta metro beteko bi enbor buruz buruan egitea.

Nahiz eta aizkorak duen protagonismo handiena, Urrezko Harrijasotzen Txapelketaren bosgarren jardunaldia ere hartuko da igandean Antzizarren. Bertan Jokin Eizmendi eta Xabier Peña arituko dira 175 kiloko harri laukizuzenarekin, 150 kiloko kubikoarekin eta 125 kiloko bolarekin bi minutuko txanda bakarra izango du bakoitzak. Kasu honetan, kilo gehien altxatzen duen partaidea izango da garaile eta txapelketan aurrera egiteko aukera izango du.