Atzoko, San Blas egunean, eta kuadrila eguna zenez, paella erraldoia bazkaldu zuten plazan. Aspaldiko jendetza gerturatu zen bertan, 700 paella baino gehiago banatu zituen herritar talde batek guztientzako prestatu zuten bazkarian. Atzoko egunez, noski, kuadrila bakoitzak gaineko bat eramaten du, bere lagun taldea bereizten duena. Idiazabaldarren kasuan, ordea, ia denek jertse potoloak eramaten dituzte, eta atzo batzuk baziren kexu eguraldi epelaz.

Horrez gain, herrian ere somatzen da aldaketa. Geroz eta festa parte- hartzaileagoak izaten ari direla esan liteke; horren adibide da ostiralean, hainbat urtez egin gabe egon ondoren, berreskuratu den danborrada. 200 kidetik gora animatu ziren ilun-tzean danbor hotsekin herria martxan jartzera. Gauza da, ia beti helduen danborradak mozorro egunarekin bat egin duela, eta, beraz, mozorrotuta ateratzen zirela danborradan. Aurten, nahiz eta mozorro egunarekin bat ez egin, bakoitzak arropa bat eraman du soinean taldeka banatuta ; batzuk 80ko dantzariena, beste batzuk Eguberrietako arropak... Gauzak beste modu batera egiten dira bertan, baina badu zentzua.

Danborrada berreskuratzeaz gain, amaitu ostean asko izan ziren antolatzaileen lana balioan jarri zutenak, eskerrak eman zizkietenak eta datorren urtean beraiek ere izena emango dutela azaldu zutenak. Beraz, indartsu dator berriz ere helduen danborrada.

bi orduz dantzan Eguraldi onak ere anima-tzen du jendea dantzan egitera, gorputza martxan jartzea. Hala, bazkalostean hasi eta arratsalde erdira bitartean, Pancho Balbuena abeslari mariatxiak dantzan jarri zituen herritarrak hainbat orduz, kanta bat bestearen atzetik josiz eta ia arnasa hartzeko tartetik hartu gabe. Ondoren etorri ziren I. Pelota Gozo txapelketako finala, eta Segan taldearekin erromeria.

Aurrez, erroskila bedeinkazioa eta meza nagusia, eta San Blas txirrindulari lasterketa egin zen. Bertan, Josu Urrestarazuk irabazi zuen, Ibai Urkia izan zen bigarren eta Aitor Zubiarrain hirugarren. Urtero jende asko elkartzen duen proba da, eta herritarren artean kuttuna, dudarik gabe. Lasterketa amaitu ondoren agintarien soka dantza egin zen; ohitura hau 1997. urtean berreskuratu zen, 50. hamarkadan galdu ostean. Ordutik, alkate berria aurkezten den aldiro errepikatzen da, eta horregatik aurten ere egin da soka dantza, Iñaki Alberdi alkatearekin.

pregoilariak Larunbatean hasi zituzten ofizialki festak, eta idiazabaldarrek ez zuten hutsik egin Axariaren jaitsierara eta pregoira. Poz handiz hartu zuten ohorea Pilarrenea Eguneko Zentroko kideek, eta horren ostean hasi zen festa, ipurdi dantzaren itzulerarekin. Gero goitibeheren jaitsieraren XIX. ediziora mugitu zen ikuskizuna. Euskal Herriko Inertzia Kirolen Federazioaren egutegiko lehen proba izan zen eta 35 pilotuk parte hartu zuten; batzuk Euskal Herri kanpotik etorritakoak. Unai Biain eta Adrian Perez nagusitu dira edizio honetan, bigarren postuan Julen Markez eta Eneko Diaz de Garaio iritsi ziren, eta podiuma osatu zuen bikotea Ioritz Aranguren eta Gotzon Arangurenek osatutakoa izan zen. Horiek guztiak neumatikodun goitibeherekin aritu ziren, baina goitibehera arinetan, berriz, Julen Gonzalez nagusitu zen, eta haren atzetik sartu ziren helmuganAaron Delgado eta Ander Odriozola. Drift Trike kategoriari dagokionez, ordea, Eneko Agirre nagusitu zen, Unai Ponceren eta Ioritz Ondarraren aurretik.

san blas txiki Festaz betetako egunak izan dituzte, eta indarra duenak oraindik izango du non gozatua. Gaur, San Blas Txiki eguna da, eta 10.00etatik 13.00etara Zelaako Kiroldegian haur parkea jarriko da. 10.30etan, berriz, IV. San Blas toka txapelketa jokatuko da plazan, eta aldi berean koxkol-biltze saioa ere egingo da. Ondoren, plazan hamaiketakoa eskainiko da eta 12.00etan bertsolarien txanda izango da. Andoni Egaña eta Amets Arzallus bertsolariak plazara gerturatuko dira saioa eskaintzera. Ondoren, bazkaria Xume tabernan egingo da hitzen bi maisu horiekin eta arratsaldean ere puzgarriak egongo dira haurrentzat, 15.00etatik 18.00etara. Arratsaldean, berriz, Modesto musikariarekin dantzaldia izango da, ondoren talo jana egingo da plazan, eta 19.30tan Santa Ageda bezperako koplak kantatuko dira kioskoan. 20.00etan aurtengo San Blasei agurra esateko momentua izango da, orduan igoko dute Axaria eta datorren urtera arte itxaron beharko dute beste behin herriko festetan murgiltzeko.