ordizia - Herriko 306 puntutan egin dira aldaketak, lehen zeuden argiak kendu eta LED teknologia erabiltzen dutenak jarri ditu Udalak. Sistema honek helarazten duen argia zuria da horia beharrean, eta horrek berak argitasun gehiago ematen du, eta, era berean, argiak sor dezakeen kutsadura gutxitzen du. Bi helburu horiekin egin da aldaketa, eta, gainera, ondo ez zeuden argi puntuak berritzeko ere balio izan du egikaritza honek.

Lan hauen esleipena 142.262,12 eurokoa da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundu du egitasmoa, 29.896 euroko ekarpenarekin. Aldaketaz Aizkorpe enpresa arduratu da eta Gorka Gomez enpresako ordezkariak hala eman ditu aldaketen xehetasunak du aldaketa: "Normalean, egun bakarrean egiten diren aldaketak dira, baina zein lekutan egiten den ere kontuan izan behar da. Batzuetan, eskuhartze sinplea izan da, eta beste batzuetan, berriz, ibilgailu baten beharra izan dugu altura handia duten argi puntuak ere aldatu ditugulako".

Gauzak horrela, Malkaskotik hasi, Joseba Rezola kalea igaro, Gudarien etorbidea eta Eskarabillako auzoetan egin dira hobekuntzak, besteak beste, eta aldaketa hauek ikusgarriak diren beste leku batzuetan ere bai, hala nola, Plaza Nagusian.

Ordiziako Udalaren helburua da herriko argiteriak ondo funtziona-tzeaz gain, ahalik eta kontsumo ekonomiko gutxien izatea, eta aldaketa honekin horixe bera lortuko dela azaldu dute. Hain zuzen ere, urtean zehar, 26.196 euroan murriztuko da gastua. Maitane Alvarez alkateordeak horren "garrantzia" nabarmendu nahi izan du: "Aldaketa hauek txikiak badira ere, alde handia suposatzen dute. LED teknologia erabiltzen duen argiteriari esker energia kontsumoan aurreztuko dugu eta argiak eragiten duen ingurumen kutsadura gutxituko da, Ordizia argituta mantenduz". Beraz, hemendik aurrera, argiteri berria estreinatuko du Ordiziak, kontsumoaren gastua eta kutsadura jaitsiz.