Gauza jakina da emakumeek ezagutzaren bidean izan duten papel isil eta baztertua. Jakinduriaren arlo potoloetan beti gizonezkoen hitzari eman zaio garrantzia, nahiz eta askoren atzean emakumeak egon izan diren. Zenbait arlotan, gainera, emakumeak izan dira zientzia edo naturarekin aurrez aurre lan egin ostean haren inguruko nozioak eskuratu dituztenak.

Seguran, bertako emakumeak lehen lerroan jarri eta proiektu berri bat abiarazi dute: Hariz hari, sorgindu hadi! izenekoa. Igande honetan aurkeztuko dute hainbat urtetako emaitza. Sortu dutena, hain zuzen, ibilbide turistiko-pedagokiko bat da, eta estreinekoz urtarrilaren 12an, 12.00etan emango da ezagutzera. Ardixarra Etxetik abiatuko dira, eta ibilbidea osatzen joango dira, azalpenak jasotzen diren bitartean.

"2015. urtean Emakumeen mundu martxaren ondoren hasi ginen lanketa egiten", azaldu du Idoia Lopetegi segurarrak. Izarra Urdalleta, Segurako alkatea, eta Eider Elias, Nieves, Maixabel, Euri, Eli eta Itxarorekin batera aurrera atera dute egitasmo hau, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin batera.

Lixibaleku izeneko lekua izan dute hainbat denboran topagune Segurako emakumeek. "Konturatu ginen ez genituela emakume erreferenteak, eta ez zeudela haien izenak ez herriko kale, plaza edo eraikinetan", gehitu du segurarrak. Zortzi lagunek Segurako emakumeak elkarrizketatu dituzte, haiek jaso dituzten eta dakizkiten jakintzak biltzeko asmoz. "Herritarrekin egindako zerbait izan da", gaineratu du Eliasek.

Memoria historikoa berreskura-tzeko egin da bilketa hori, eta horregatik jaso dituzten testigantzetatik batzuk gaur egunekoak dira, baina orain ia ehun urtekoak ere badituzte. "Ahalduntze bokazio bat ikusi da, non emakume bakoitzak bere bizipenak kontatu dituen, eta, gainera, Segurako leku ezberdinetakook parte hartu dugu; batzuk erdigunean bizi dira, besteak baserri inguruetan... elkar aitortza bat egiteko balio izan du", azaldu du Eliasek.

bederatzi gune Segurako herrian zehar bederatzi gune identifikatu dituzte, non bakoitzean herritar baten testigantzak jasotzen diren. Kontxixi, artearen barnean sukaldaritza, Emaginen etxea, Lixibalekue, Ostatue, Baserri mundue, Xesteri, Txanbolinpe eta artea sortzailearen ikuspuntutik izango dira aurreran-tzean proiektu berri honetako lerroak. Bakoitzean arlo bat landuko da, hala nola, emakumea eta taberna mundua, fabrika munduan izan duten esperientzia, Seguran pilotarekin izan den afizioa eta Euskal Herriko baserri gehienetan izan den moduan, pilareak izan direla emakumeak. Hala, ibilbide honetan, pausoz pauso, Segurako herriaren historian garrantzitsuak izan diren emakumeen bizipenak berreskuratu dituzte, eta horiek aitortzeko premia asetuko dute modu honetan.

Gune bakoitzean euskaraz egongo da historia azalduta, eta QR teknologiaren bidez beste bost hizkuntzetan jarriko da eskuragai: gazteleraz, katalanez, ingelesez, frantsesez eta alemanez. "Denboran atzera egiteko balioko du, baina gaurkotasun handia duten gaiak ere lantzen direla ikusteko aukera izango dugu; beraz, orain ere balioa duten alorrak dira", adierazi du alkateak.

Lehen urratsa bada ere, aurrera begira gida turistiko moduan erabilgarri egongo da eta honekin zerbait pedagogikoa sortzea ere bada helburu. Izarra Urdalleta alkateak agertu duenez, hurrengo urratsetako bat herriko txokoren bati emakume izena jartzea izango litzateke, merezitako protagonismoa emanez eta herriari egindako ekarpenak ezagutaraziz.

Emakume asko eta asko erre zituzten sorgin zirela esanez, eta oraindik ere iseka moduan erabiltzen den esamoldea da. Segurarrek horixe bera erabili nahi izan dute ibilbideari izena emateko eta erakusteko, ahizpatasunetik, hariz hari sareak josten, emakumeen presentzia balioan jarriko duen gizartea osa-tzeko bidean gaudela.