- Naturaren inguruko hezkuntza eta hedapena du helburu Donostiako Udalak Artikutzako ondare historiko eta naturalaren bitartez. Interesezko habitatak babesteko Udalak egiten duen kudeaketa ere ezagutarazi nahi du programa honek.

Programa honen baitan hiru jarduera egiten dituzte. Alde batetik, ibilbide gidatuak antolatzen dira eta informazio buletina argitaratzen dute. Bestetik, Natur Eskolaren lana dago. Datozen urteotan programa honen kudeaketa esleitzeko lehiaketa deitu du Udalak eta arduradun berriak, egungo jarduerak aztertu eta jarraipena emateaz gain, hobekuntzak proposatu beharko ditu.

Ibilbide gidatuei dagokienez, bakarka edo taldeka parte har daiteke, aurrez izena emanda. Zailtasun maila ez da beti berdina eta normalean igandetan antolatzen dira. Ibilbidean zehar azalpenak ematen dira, bertan topatzen dituzten elementuetatik abiatuta, Artikutzako balio natural eta ondare historikoa ezagutarazteko. Orain arte, programatutako bisitez gain, talde batek espresuki eskatutakoak ere antolatu izan dira (gutxienez zortzi lagun behar dira horretarako).

2019. urtean programatutako 29 irteera egin zituzten eta eskatutako hiru eta guztira 477 lagunek hartu zuten parte, ordura arteko kopururik altuena. 2020. urtean pandemia egoerak baldintzatu zituen irteerak (bertan behera utzi behar izan zituzten hainbat hitzordu).

Ttanttak izeneko buletinak ere Artikutzako ondarea ezagutarazi nahi du, aurrez aurre ez bada ere. Orokorrean naturari buruzko ezagutza sustatu nahi du, eta hura babesteko beharraz kontzientziatu. Urtean lau ale argitaratzen dituzte eta, gaur egun, 750 pertsonek edo entitatek jasotzen dute buletina formatu elektronikoan.

Azkenik, Natur Eskolaren helburua ikasleentzako hezkuntza programak eskaintzea da eta horiek Artikutzara egindako bisita batekin osatzea (aterpetxean geratzeko aukera dute), ingurunea interpretatzen trebatu daitezen. Donostiako eta Gipuzkoako ikastetxeetara dago zuzenduta, Lehen Hezkuntzatik Batxilergora moldatutako programen bitartez. Natur Eskola sustatzea eta ikastetxe gehiagora zabaltzea izango da programaren hurrengo kudeatzailearen helburua. 2019-2020 ikasturtean (martxotik aurrera konfinamendua egon zen eta hainbat jarduera bertan behera geratu ziren), 23 taldeetako ia 600 ikaslek hartu zuten parte.

Lehenagotik ere hezkuntzaren alorrean lan egiten bazen ere, 2004. urtean sortu zen Artikutza Natura programa. Urte horretan Garrantzi Komunitarioko Toki izendatu zuten eta Natura 2000 Sarean ere sartu zen. Animalia eta landareen babesa eta haien habitat naturalak babesteko beharrari buruzko informazioa eta hezkuntza sustatzea da, hain zuzen ere, Sarearen baldintzetako bat.

Koronabirusaren ondorioz, hala ere, hemendik aurrera ere baldintzatuta egoten jarraituko du programak. Informazio buletinei ez die eragiten eta horiek ohi bezala egiten jarraitu beharko dute, baina ibilaldi gidatuetan eta Natur Eskolan eragina badu oraindik.

Kontratu berria bi urtekoa izango da eta urtebeteko luzapena ere izan dezake ondoren. Lehiaketan ezarritako aurrekontua 200.000 euro ingurukoa da.