- Abenduko datuak zehaztea falta bada ere, 2020. urtean donostiar bakoitzak 28 kilo organiko baino gutxiago botako zituen edukiontzi marroira. 2019. urtean, berriz, 31,3 izan ziren.

Organikoaren beherakadak orokorrean gaikako bilketari ere eragin dio neurri batean eta, poliki samar bada ere, gorantz egiten ari zen joera eten egin du azken hilabeteotan. Hirigunean sortutako hondakin guztien artean (industria eremukoak kontuan hartu gabe), gaika jasotakoek 2019an lehenengo aldiz %40ko langa gainditu zuten (%40,34). 2020ko urtarrila eta otsaileko datuak ere positiboak ziren, %42,5etik gorakoak. Ordutik, hau da, pandemia heldu zenetik, ordea, behera egin zuen tasa horrek: martxoan %41,91koa izan zen eta, ondoren, ekainean eta uztailean izan ezik, %41era ez zen heldu.

Gaikako bilketan pisu gehiena dutenak papera eta kartoia, beira, ontziak eta organikoa dira. Gorabehera batzuekin, orokorrean, paperaren eta ontzien datuak nahiko egonkorrak dira (paperarenak zerbait behera egin du azken hilabeteotan). Beiraren kasuan, ordea, nabarmena izan zen 2020ko beherakada, batez ere udaberriko itxialdiaren hilabeteotan eta azaroan (ostalaritza itxita izan zen). Guztira, %14 jaitsi zen urtarriletatik azarora arte pilatutakoa.

Organikoaren kasuan, Donostiako Udalak bildutako azarora arteko behin-behineko datuak 2019koekin alderatuz gero, ia 600.000 kilo gutxiago jaso ziren iaz, %11 gutxiago. Pandemiaren eragina zein izan den neurtzeko, martxotik azarora arteko datuak alderatuta beherakada handiagoa da, %15ekoa. Egia da epe horretan orokorrean hondakin gutxiago sortu zela (gaika bildutakoa eta errefusa batuz gero), %11,5 gutxiago, hain justu ere, baina organikoaren jaitsiera batez besteko hori baino altuagoa da.

Izan ere, 2019an batez beste 485.000 kilo inguru jasotzen ziren hilero (abendua kontuan hartu gabe), eta maiatzetik aurrera batez besteko horren gainetik zeuden hilabeteroko datuak. Iaz, berriz, apirila, maiatza eta ekainean ez ziren 400.000 kilora heldu (konfinamenduaren garaian) eta azarokoak, bildutako azkenak, urte osoko baxuenak izan ziren: 376.980 kilo. Aurreko azaroan baino %23 gutxiago, alegia. Merkataritzatik jasotako datuak jaitsi ziren, baina zuzenean kalean jarritako edukiontzietan jasotako kopurua ere azkenaldiko baxuena da.

Materia organikoa gaika sailkatzeagatik eta bosgarren edukiontzia erabiltzeagatik iaz 13.333 familiak jaso zuten Udalak ematen duen hobaria Donostian, aurreko urtean baino %8,5 gehiagok.

Iaz, bestalde, Altza inguruko edukiontziak berrantolatu zituen Udalak, aurretik Intxaurrondon eta Amaran egin zuen moduan. Helburua da kontainer guztiak batera egotea eta, beraz, zaborrak sailkatuta botatzeko gehiago urrundu behar ez izatea.

Hiri hondakinen kudeaketa hobetzeko beste proposamen bat ere badago aspaldi mahai gainean: errefusaren edukiontzian txipa jartzea, alegia. Gipuzkoako hainbat herritan nabarmen egin du gora gaikako bilketak neurri hori hartu ondoren, datuek agertzen dutenez. Donostian Añorgan esperientzia pilotu baten modukoa egiteko asmoa agertu izan du udal Gobernuak eta araudia aldatzeko tramitazioari ere ekingo ziola esan izan zuen, baina momentuz ez du aurrera egin.

Izan ere, iazko %41,35eko tasa, 2019koa baino puntu bat altuagoa bada ere, urruti dago oraindik lurralde historikoko batezbestekotik: 2019an %58koa izan zen (bost mankomunitatek %67tik gorako tasa zuten). Larrialdi klimatikoaren adierazpena onartu zuen Donostiako Udalak martxoan eta bertan jaso zuen 2025. urtean gaikako bilketa %64koa izateko helburua. Klima 2050 Planaren helburua %80ra iristea da.

Gaikako bilketa. 2019. urtean %40,34koa izan zen (industria eremukoak kontuan hartu gabe), %40ko langa gaindituz lehen aldiz. 2020 hasieran bi puntu gora ere egin zuen, baina pandemiak joera eten egin zuen eta azarora arteko batez bestekoa %41,35ekoa izan zen.

Organikoa. 2019.ean 31,3 kilo bota zituen donostiar bakoitzak edukiontzi marroira eta 2020an, 28 kilo baino gutxiago (abenduko datuak falta dira baina horiek aurrekoak baino hobeak izanda ere ez lirateke 28 kilo horiek gaindituko). Martxotik azarora arteko datuak aurreko urtekoak baino %15 baxuagoak izan ziren (sortutako hondakin guztiak %11,5 jaitsi ziren epe horretan).

Beira. 2020. urtean behera egin zuen jasotako beirak, osasun-egoerak erabat baldintzatuta: bereziki apiriletik ekainerako datuak dira baxuak (konfinamenduaren garaian) eta azarokoak (ostalaritza itxita). Jaitsiera orokorrean %15ekoa da.

Papera eta ontziak. Datuak nahiko egonkorrak dira, paperak azken hilabeteotan zertxobait behera egin badu ere.

Tamaina handikoak. Bitxia da tamaina handiko hondakinen kasua, 2020an igo egin baitziren datuak eta, abendukoak kontatu gabe ere, jada 2019 osoko kopurura heldu ziren. Gaikako bilketaren tasa orokorra igotzen lagundu zuten iaz.

2020. urtean gaikako bilketa %41,35ekoa izan zen, 2019koa baino puntu bat altuagoa, baina behera egin zuen urtarrila eta otsailetik

Beiraren kasuan, iaz aurreko urtean baino %14 gutxiago jaso zuten eta beherakada nabarmenak izan ziren udaberrian eta azaroan