Donostiak 10.000 langabe baino gehiago izan zituen 2008ko krisi ekonomikoaren ondorengo urteetan. Hain zuzen, 2012tik 2015era %11ko langabezia- tasa baino altuagoa izan zuen, azken urteetan izandako daturik txarrenak. Geroztik, Gipuzkoako hiriburuko lan merkatua pixkanaka osatzen joan den arren, COVID-19ak eragindako krisi ekonomiko berriak iraganeko mamuak berpiztu ditu.

Lanbidek argitaratutako azken datuen arabera, urrian 9.128 langabetu zeuden Donostian, %10,3ko langabezia-tasa. Horietatik, erdia baino gehiago emakumeak ziren, 4.850 hain zuzen ere. Aurreko urteko datuekin alderatuta, nabaria da pandemiaren eragina. 2019ko azken hiruhilekoan, hiriburuan langabezia-tasa %8,25ekoa izan zen, oraingoa baino bi puntu gutxiago. Lanik gabe zeuden profesionalak, aldiz, 7.246 ziren, ia 2.000 gutxiago. Sektoreei erreparatuta, zerbitzuetako langileak dira kaltetuenak. Langabetuen %77a zerbitzuen sektoreari zegokien, 7.000 pertsona baino gehiago. Jarraian industria, eraikuntza eta lehenengo sektoreko langileak ziren lan bila zebiltzanak.

Ildo beretik, koronabirusak eragindako krisi ekonomikoak azken urteetan kinka larrian dagoen sektore bati kolpatu dio bereziki: tokian tokiko merkatari txikiak. Nahiz eta oraindik aurtengo daturik ez egon, aurreko urteko zenbakiek argi erakusten dute gero eta gehiago direla haien negozioak ixtera behartuta daudenak. 2019an zehar 45 saltoki txikik itxi zituzten ateak behin betiko Gipuzkoako hiriburuan. Azken datuen arabera, 9.785 pertsona zeuden sektorean lan egiten iaz, 2018an baino 203 langile gutxiago. Azken urteetako joera ezkorra da, 2009tik urtero %2,4 denda txiki gutxiago ditu eta Donostiak batez beste. Iazko datuek erakusten duten bezala, modako negozioak, oinetakoenak eta jatekoenak izan ziren kaltetuenak. Auzoei dagokienez, denda txiki gehien galdu zituztenak Erdigunea (Alde Zaharra barne) eta Gros izan ziren, batak 22 merkatalgo eta besteak hamabi galdu ostean. Mirakruz-Bidebieta, Aiete eta Igeldo izan ziren 2018an baino komer-tzio txiki gehiago izan zituztenak.

Gero eta taberna gehiago

Txanponaren beste aldean aurki-tzen da ostalaritza. Koronabirusak sektorean utzi dituen ondorioak islatzen dituzten datuen faltan, bosgarren urtez jarraian 2019a taberna eta hotel gehiagorekin bukatu zuen Donostiak. Iaz, 2018an baino 13 taberna edo jatetxe gehiago zenbatu ziren Gipuzkoako hiriburuan. Horietatik hamar Gros auzoan ireki ziren. Datuak positiboak izan arren, pandemiaren eraginez askok ateak irekitze datarik gabe ixtea erabaki dute. Alde Zaharreko A Fuego Negro tabernaren kasua da hori, ez baitute berriro irekiko. Hotelei dagokionez, 17 establezimendu berri zenbatu ziren iaz. Azken zazpi urteetan, hiru izarreko edo gehiagoko aterpetxeetako ohe kopuruak %35ean egin du gora eta bi edo izar bateko hotelena, berriz, %23 hazi da.