Azken hilabeteetan Donostian antolatu diren kultur ekimenek erakusten dute kultura segurua dela. Edukierak murriztuta, musukoen derrigortasunarekin eta segurtasun distantzia mantenduz, baina kulturak bizirik jarraitzen du hirian. Jazzaldia, Musika Hamabostaldia, Zinemaldia, Beldurrezko Astea eta bestelako kontzertu, antzerki eta abarrez gozatzeko aukera izan dugu koronabirusak markatutako urte berezi honetan, azken ordura arte zalantza asko izan badira ere. Jazzaldia izan zen Donostiak osasun krisian hartu zuen lehen kultur ekitaldi handia, horrek sortzen zuen ziurgabetasunarekin. Gainera, Estatuan ospatu zen musika jaialdi bakanetako bat izan zen, beste asko bertan behera geratu baitziren. Euskal Herriko eta Estatuko artistak igo ziren Donostiako agertokietara eta 10.000 ikusle lortu zituzten (ordainlekuetan). Berrikuntza gisa, YouTuben streaming bidez zuzenean eskaini ziren 15 kontzertuak nabarmendu behar dira, bisita ugari jaso zituztenak.

Zinemaldiaren 68. edizioan ere pandemiak eragina izan zuen, ikusleak %62,9 jaitsi baitziren iazkoarekin alderatuz. Guztira, 66.234 pertsona eta 2.626 akreditatu bildu zituen. Aretoen edukierak %50ean zeuden eta Zinemaldiak duen auditoriorik handienerako, Kursaalerako, 600 sarrera baino ezin izan ziren saldu, 1.800 eserleku dituenean. Dena dela, Jose Luis Rebordinos eta bere taldea pozik azaldu dira jendearen erantzunarekin. Beldurrezko Astea antolakuntza aldetik konplikatuagoa izan zen, inaugurazioa baino egun batzuk lehenago Eusko Jaurlaritzak arau berriak ezarri baitzituen (konfinamendu perimetrala eta etxeratze-agindua). Azken orduko aldaketak egin ostean, ekimenak aurrera jarraitu zuen, baina asistentzia dezente murriztu zen, Donostiako eta inguruko jendeak soilik bai-tzuen aukera joateko.

Ezinbestean, Beldurrezko Asteak beti izan ohi duen xarma galdu zuen. donostia kultura Antzokiko ateak berriz ireki direnetik Donostiak programazio zabala eskaini du. Donostia Kultura osasunez gozatu! lelopean, 26.000 sarrera saldu dira dagoeneko arte eszenikoen arloan. Guztira, 20 ikuskizun izan dira, 70 emankizunekin, Victoria Eugenia Antzokiaren eta Antzoki Zaharraren artean. Zinemaren alorrean, ekainaren 22tik 24ra ospatu zen Giza Eskubideen Zinemaldia nabarmentzekoa da. Eta kontzertuei dagokienez, Zea Mays talde bilbotarra izan zen Euskadiko antzokiak berriro irekiko zituen lehena, ekainean, sarrera agortuekin.