bertan

Erosoa den zerbitzua

19.12.2020 | 23:59

Udaberritik etenda egon ondoren, erabiltzaileak gustura daude bizikleta zerbitzu publikoa berreskuratzeagatik

Dbiziko erabiltzaile gehienak bat datoz bizikleta zerbitzu publikoaren alde egiteko arrazoi nagusia. Erosotasuna aipatzen dute behin eta berriro.

"Nire bizikleta badaukat, eta hilabete hauetan hori erabili dut, baina errazagoa da publikoa erabiltzea", onartu du, adibidez, Josu Barrena donostiarrak. Aurreko Dbizi sistema ere erabiltzen zuen eta berria indarrean sartu eta berehala eman du izena. Amaratik Erdialdera joateko erabiltzen du, besteak beste, enkarguak egiteko eta bestelakoetarako.

Sistema berriaren abantaila nagusia, haren ustez, estazio gehiago dituela da, eta horrek zoazen lekura zoazela bizikleta uzteko aukera gehiago ematen dituela. Mekanikoa edo elektrikoa hartzea berdin zaio. "Dagoena", aipatu du, baina elektrikoak aldapatxoetan laguntzen duela ere onartu du.

Zalantza bat ere badauka, hala ere. Aurreko sisteman askotan abisuak eman behar zituztela gogoratu du, aparkalekua ez zebilelako, bizikleta kaltetuta zegoelako... Eta horiei erantzuteko zerbitzua nolakoa izango den duda dauka. Zorroagan zabaldutako bulegoan izan zen eta arreta lanetan ari zen langilea gainezka ikusi zuen lehen egunetan.

Bulebarreko estazioan bizikleta aparkatu eta lehenengo joan-etorriaren ondoren gustura geratu dela aitortu du, aldiz, Iñigo donostiarrak. Bizikletan ibiltzen ohituta dago, baina orain arte ez zuen zerbitzu publikoan izena eman. "Zure bizikleta kalean aparkatuta zeozer lapurtuko ote dizuten beldurra daukazu, eta hau, berriz, oso erosoa da", kontatu du. Antiguatik 20 minutu tardatu ditu ibilgailu mekanikoarekin eta, hala, tarifak egoki ikusten ditu, joan-etorri gehienak ordu erdi baino gutxiagokoak direlako.

praktikoa

Elektrikoak edo mekanikoak

Matxurak

Maria Jauregi gazteak ere eman du izena Dbizin eta zerbitzua praktikoa dela uste du. "Baina lehen arazoa zen askotan bizikletak eta aparkalekuak matxuratuta egoten zirela... Ea orain ez dituzten kaltetzen", aipatu du. Hori ekiditen saiatzeko, bizikletak estazioetan lotzeko sistemak bereziki gogorrak omen dira, eta ez dira ateratzen errazak. Jauregiri ere berdin zaio elektrikoak izan edo mekanikoak. "Baina ulertzen dut pertsona helduagoentzat batez ere elektrikoak erosoago izatea, edo auzo aldapatsu batean bizi direnentzat", gaineratu du.