- Garibai kaleko 23. zenbakiko eraikin osoko jabeek apartamentu turistikoak sortzeko baimena eskatu dute, bisitariak hartzeko erabili nahi dutena.

Helburu hori lortzeko 2018. urtean aurkeztu zuten jada lehen proposamen bat. Proposamen horretan bi kontu eskatzen zituzten: batetik, aipatu bezala, erabilera aldatzea, hirugarren sektorekoa baimentzeko; bestetik, etxebizitzen zatiketa ere eskatzen zuten. Hala, orduan zeuden zortzi pisuak hamalau bihurtu nahi zituzten.

Udalak baimena eman zien, baina plusbalia gisa eskatutako diru kopurua gehiegizkoa zela iritzita, hasierako plana mahai gainean utzi eta, horren ordez, bakarrik lehenengo hiru solairuak zatitzea erabaki zuten. 2019. urtean zehar lanak egin zituzten (hamaika etxebizitza daude orain eraikinean) eta erabilera turistikorako lizentzia eskatu zuten.

Udalak, orduan, araudia aldatu dela erantzun zien eta 2019. urteko otsailean onartutako Plan Orokorraren aldaketaren arabera, eraikin oso baten erabilera aldatu ahal izateko plan berezi bat aurkeztu eta onartu behar dutela.

Jabeak ez daude ados erabaki horrekin eta helegitea aurkeztu dute epaitegietan. Hala ere, bien bitartean, plan bereziaren zirriborroa ere aurkeztu berri dute, araudi berriaren irizpideak jarraituz baimena lortzeko asmoz.

Eraikina 1881 eta 1883 urteen artean altxatu zuten, José de Goicoaren proiektuari jarraiki, eta 1960ko hamarkadan handitu egin zuten: gaur egun, sei solairu ditu, behekoaz gain. Beheko solairu horretan banketxe baten bulegoa dago gaur egun, baina gainerako pisuen jabea familia bat da.

Historikoki, alokatuta egon izan dira pisuak, etxebizitza gisa baina baita erabilera profesionaletarako ere (abokatuen bulegoak egon izan dira, aseguru-etxeenak...), batez ere lehen hiru solairuetan daudenak. Sustatzaileek aurkeztutako planaren arabera, 1921. urtean jada hirugarren sektoreko erabilera zuten lehen hiru solairuetako pisu batzuek.

Eraikina, gainera, babestuta dago eta Hirigintzako eta Eraikitako Ondarea Babesteko Plan Berezian, Peppuc delakoan, D kategorian sailkatuta dago. Dena den, barruan etxebizitzak banatzeko egindako lanek ez dute eraginik izan kanpoaldean eta babestutako elementuetan.

Iaz onartutako Plan Orokorraren aldaketarekin etxebizitzak dituzten eraikin osoen erabilera aldaketa oztopatu nahi zuen Donostiako Udalak, ikusita azken urteotan hainbat eraikin hotel eta pisu turistiko bihurtzen ari direla, batez ere Erdialdean. Horregatik eskatzen du orain tramitazio konplexuagoa duen plan berezi bat aurkeztea, Udalbatzak onartu beharrekoa. Horrek esan nahi du aldeko txosten teknikoak beharko dituela aurrera egiteko, baita udal ordezkarien gehiengoaren aldeko bozka ere.

Eraikinaren jabeek diote 1921. urtetik jada hirugarren sektoreko erabilerak izan dituztela lehen solairuetako etxebizitzek