Donostiako Kontxako pasealekua autoentzat eta ibilgailu motordunentzat itxita dago igande honetan, eta hala egongo da hemendik aurrera igande eta jaiegun guztietanigande eta jaiegun guztietan. Erdialdean trafikoa murriztea eta oinezkoek eta txirrindulariek espazio gehiago izatea dira Donostiako Udalak hartu duen erabakiaren helburuak.

Igande honetan, hala ere, ez dira horrenbeste izan Kontxako errepidea zapaldu eta espazio gehigarriarekin disfrutatu dutenak, euria eta hotza ikusita, donostiar askok etxean gelditzea erabaki baitute. Datorren igandera arte gutxienez itxaron beharko da herritarrek errepideak har ditzaten (astearterako, abenduaren 8rako, eguraldiaren aurreikuspena nahiko ezkorra da).

Goizeko 9.00etatik 19.00etara egongo da itxita Kontxako pasealekua igandero (udan, berriz, 21.00ak arte).

Ez da Kontxa ixten duten lehenengo aldia. Irailaren 20an, esaterako, Europako autorik gabeko egunaren baitan ibilgailuek ezin izan zuten zeharkatu. Eta udaberri bukaeran, konfinamenduaren ondorengo asteetan, itxierak ere egin zituzten kirola egiteko eta kalera ateratzeko ordutegia mugatua zenean, jendea ez pilatzeko.

Norbanakoen arteko distantziak mantentzea eta espazio publikoa oso garrantzitsuak dira, batez ere orain koronabirusaren ondorioz, eta erabaki honekin espazio hori oinezkoei eta txirrindulariei eskaintzeko aukera dagoela azaldu du Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak. Eta epe luzerako erabakia dela ere esan du, Erdialdean trafikoa eta emisioak murrizteko asmoekin bat datorrena: Artzain Onaren inguruko kaleak ere oinezkoentzat izango dira datozen urteotan, baita San Martin kaleko zati bat ere.

Itxieraren ondorioz, Dbuseko ibilgailuek haien ibilbidea aldatu behar dute eta Mirakontxatik eta Aldapetatik desbideratu dira (5-Benta Berri, 18-Seminarioa, 25-Benta Berri-Añorga, 33-Larratxo-Intxaurrondo-Antiguo-Berio eta 45-Renfe Bus Geltokiak-Antiguo-Aiete dira normalean Kontxa zeharkatzen duten zerbitzuak). Lurraldebuseko ibilgailuak ere desbideratu dituzte.

Kontxa osoa oinezkoentzat izatea aspaldiko ideia da. Baina horrekin batera, ibilgailu motordunei pasealekua lur azpitik zeharkatzeko aukera emateko proiektua ere aipatu izan dute, PSE-EEk bereziki. Azkenaldian, aukera horren alde agertu da Eneko Goia alkatea ere, Europako funtsak lortuz gero proiektua garatzearen alde, alegia. Lehentasuna lurrazaletik trafikoa kentzea litzateke alkatearen arabera, baina hori lortzeko lur azpitik tunela sortu beharko balitz horren alde egin du.