Donostiako Topoa | ETS-k informazioa ezkutatu duela salatu du EH Bilduk

Astelehenean lanen jarraipenerako batzordean izango dira ETSko zuzendaria eta alkatea

20.11.2020 | 18:06
Zubieta kalean azaroaren 17an sortutako zuloa, Topoko obrak direla eta.

"Egindako akatsengatik eta informazioa ezkutatzeagatik" azalpenak eskatuko dizkie EH Bilduk Ernesto Martinez de Cabredo ETSko zuzendariari eta Eneko Goia alkateari, Topoaren igarobideko lanetan asteartean Zubieta kalean agertutako bigarren zuloaren ondoren.

Astelehenean lan horien jarraipenerako batzordea bilduko da udaletxean eta Martinez de Cabredo eta Goia izango dira bertan, udal taldeei azalpenak emateko. EH Bilduk "oso zorrotza" izango dela iragarri du. Ekainean lehen zuloa agertu ondoren uztailean bildu zen batzordea eta han "ETSko arduradun batek, lotsarik gabe, egia ezkutatu" zuela salatu du koalizioak. Ordurako ETSk obra geldirik zegoela bazekiela dio EH Bilduk, eta lurra egonkortzeko Kontxako arkupetatik porlana injektatu beharko zutela ere bai.

"Ziur bilera horretan ere bazutela ekainaren erdialdean Urbieta kalean eskola publikoen azpian izandako zuloaren berri", aipatu dute Garbiñe Alkiza eta Ricardo Burutaran zinegotziek, baita "tarte osoa berriro lizitatu beharko zutela ere", kritikatu dute.

Uztaileko bilera horretan horien berri eman ez izana eta orduan agindutako txostena jaso ez izana ere salatu dute.
Bi zinegotziek berriro lanak gelditzeko eskatu dute, "bizilagunen eta langileen segurtasunagatik", eta diru xahuketarekin jarraitzea "onartezina" eta "arduragabekeria" dela iritzi diote.