-Amara Berriko Karlos I. errepidean Donostiako sarrerako erreietan radarra jartzeko auzotarren eskaera aspaldikoa da eta Udala ere ados dago, baina Gipuzkoako Foru Aldundia da bide horren jabea eta Eusko Jaurlaritzari dagokio radarra jartzea.

Karlos I.an radarra jartzeko urteotan egindako eskaerak eta proposamenak errepasatu zituen atzo Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak, baina ideiak eta aukerak agortu zaizkiela ere onartu zuen. "Ez dugu ezer lortu", onartu zuen, burumakur. "Amore emango dugu", gaineratu zuen.

Aranak azaldu zuen Jaurlaritzak bere garaian esan ziela bere irizpideen arabera, ez zegoela lehentasunen artean Karlos I.an radarra jartzea. Udalak neurketak egin zituela kontatu zuen Aranak, eskaerari oinarri sendoagoa emateko asmoz, baina ezezkoarekin jarraitu zuten.

Aldundiari errepidearen jabetza aldatzeko ere eskatu zioten, Udalarena bihur zedin, baina hori ere ez zuten lortu.

Hala, radarra jarri gabe ibilgailuen abiadura murrizteko bestelako bideak aztertu zituzten, esaterako, errei bakarra uztea Donostiarako sarreran. "Baina horrek auto-ilarak sor zitzakeen, tuneleraino luzatuko zirenak, eta horri ere ezezkoa eman ziguten", kontatu zuen Aranak.

Jaurlaritzarekin akordio bat bilatu zuten orduan, Udalari berak radarra jartzeko baimena eman ziezaion, eta akordioa lortuta zeukatela ere iragarri zuen 2019ko otsailean Eneko Goia alkateak. Baina hori ere, azkenean, ezin izan zuten itxi. "Ez dugu beste biderik ikusten honekin jarraitzeko", onartu zuen Aranak, eta Udalaren eskumena ez dela ere (errepidea ez baita berea) gogoratu zuen.

Gailua jartzeko proposamena babesten badute ere, "datu objektiboen arabera" errepide hori ez dela bereziki arriskutsua aipatu zuen zinegotziak, istripu kopuruei begiratuta eta neurtutako abiadurei begiratuta.

Alkateak aurreko astean saiatzen jarraituko dutela esan bazuen ere, Mugikortasun zinegotzia ezkorra izan zen gai honekin. Bitartean, Amara Berriko auzotarrek berriro egin diete eskaera erakundeei, gaiari hel diezaioten.