- Donostiako Udalak Urban Lur proiektua abiatu zuenetik eta Altzan sei baratze profesional sortu zituenetik urte eta erdi pasa da dagoeneko . Horietako bost, hala ere, hutsik daude oraindik, zeinek landuko zain. Momentuz, nekazari-ekintzaile bakarrak hartu du aitzurra hartzeko erabakia eta dagoeneko ari da bere lehen uztarekin lanean.

Programaren helburua da langabezian dauden donostiarrei ekin-tzaile bihurtzeko aukera ematea nekazaritzaren bidez. Hala, bara-tzeak haien esku utzi (printzipioz, hiru urterako) eta laguntza eskain-tzen die Udalak Donostiako Sustapenaren bitartez, bai lurrak lantzen trebatzeko (bereziki nekazaritza ekologikoaren bidetik), baita ondoren haien produktuak merkaturatzeko ere (supermerkatu eta denda txikiekin lan egiteko asmoa agertu zuen bere garaian Donostiako Sustapenak akordioren bat lortzeko). Aholkularitza espezializatu hori lehiaketara atera berri du.

Momentuz lanean ari den ekintzaile bakarra marrubiak, masusta gorriak, piperrak eta bestelakoak ari da landatzen eta saltzen. Beste hiru pertsonek ere baratzeak ustiatzeko gogoa agertu dute. Batek aurkeztu du dagoeneko baratzea kudeatzeko eskatzen zaion proiektua, baina datorren urteko otsailera arte ez da lanean hasiko. Beste bi hautagai proiektuak prestatzen ari dira momentu honetan, Donostiako Sustapenak azaldu duenez.

Hala, orain mahai gainean dituzten hiru eskaera horiek erantzun eta bideratu ondoren, hutsik jarraitzen duten baratzeetara hautagaiak erakartzeko beste fase bat proposatuko lukete. "Bizirik dagoen proiektu bat da", aipatu dute Donostiako Sustapeneko iturriek, nahi baino gehiago moteldu dela onartu arren.

Guztira sei baratze egokitu ditu Udalak Altzan, Auditz Akular inguruan, eta 240.000 euroko aurrekontua izan zuten 2019ko udaberrian egindako lan horiek. 4.000 eta 6.000 metro karratu artean dituzte ortu profesionalek, eta negutegia ere bai. Etxola bat eraiki zuten bakoitzean, ur hornidura ere badaukate eta kotxean bertaratzeko bideak egokitu zituzten. Guztiak, gainera, hesi baten bidez babestuta daude.

Zehazki, Arriberri auzunearen atzealdean kokatuta daude: hiru Molinaoko bidearen ondoan daude eta beste hirurak etxeetatik gertuago, Felix Iranzo pasealekuaren beste aldean. Hasiera batean horietako batzuk Eguzkitza inguruan eraikitzeko asmoa zuten, baina auzotarrek hala eskatuta, parke moduan egokitutako gunea baztertu zuten.

Dena den, urtebete luze daramate hutsik eta denbora honetan sastrakak hazi dira inork erabiltzen ez dituen bost baratzeetan. Gainera, kalteak ere eragin dituzte ezezagunek azken hilabeteotan eta etxoletan pintura-lanak egin behar izan ditu Donostiako Sustapenak, baita burdinezko hesien sarrailak konpontzeko lanak ere. Haizeak botatako karteletako bat berriro bere lekuan jarri behar izan du, eta belarra moztu eta sastrakak kendu ere bai, baratzeak esleitzeko moduan izateko asmoz. Drainatzea egokitzeko lanak ere egin behar izan dituzte hilabete hautean.

Printzipioz, baratzeak hiru urterako esleitzeko asmoa dauka Urban Lur programak. Ekintzaileari hasierako gastuekin laguntzeko asmoz, lehen urtean erabiltzaileak ez du ezer ordaindu behar ortua ustiatzeagatik; hurrengo bi urteetan, berriz, hilabetean 350 euroko prezioa ezarri du Donostiako Sustapenak (baldintzak moldatzeko aukera egon liteke erabiltzaileak erakartzeko asmoz).

Bi helburu lortzeko asmoz sortu zuen Udalak Urban Lur programa. Batetik, langabezian dauden pertsonei eta ekintzaileei irtenbide profesionala eskaintzeko asmoa dauka, nekazaritzaren bidetik. Bestetik, autohornikuntza handitu nahi du. Izan ere, Donostian kon-tsumitzen diren baratzeko produktu guztien artean %3,75 bakarrik ekoizten dira hirian, azken urteotan egindako ikerketa baten arabera.

Guztiona Klusterraren baitan kokatzen da egitasmoa (Donostiako Sustapenaren parte da klusterra), Donostia inguruko ekoizleak biltzen dituena tokiko ekoizpen-gaitasuna handitzeko helburuarekin eta barne-kontsumoa hornitzeko helburuarekin.

Hutsik dauden baratzeetan haizeteek eta ezezagunek eragindako kalteak konpondu behar izan ditu Udalak azken hilabeteotan