Cristina Enea Fundazioak udazkeneko programazioari ekin dio dagoeneko "nolabaiteko normaltasunez" izandako udara atzena utzi ondoren. Guztira 50 jarduera prestatu dituzte eta denboraldi honetarako amabitxitzat Gipuzkoako Erizain-tza Elkargo Ofiziala hartu dute, haien lanarengatik eskerrak emateko asmoz. "Gaur, inoiz baino gehiago, osasuna eta ingurumena eskutik doaz", aldarrikatu dute erizainek udazkeneko egitarauan txertatutako idatzian.

Batez ere kanpoan egiten diren ekimenak antolatzen saiatu dira, pilaketarik egon ez dadin. Hala, Cristina Enea parkea bera aprobetxatuko dute eta naturak udazkenean sortzen dituen aldaketak ezagutzeko bisita gidatuak izango dira, baita haren historia eta Mandasko duke-dukesaren bizitza hobeto ezagutzeko ibilbideak ere.

Beste kasu batzuetan ez da posible izango kanpoan egotea, adibidez, Zigor Garcia artista pasaitarraren Haitzaren gibeletik erakusketan. Atzo zabaldu zituen ateak Jaizkibel mendiaren geologia eta formak islatzen dituen lanak.

Cristina Enea Fundazioak, Donostiako Udalak eta San Telmo Museoak elkarlanean antolatutako Agora K2050 zikloko klima-aldaketari buruzko hitzaldiak ere itzuliko dira eta, besteak beste, Valvanera Ulargui (Klima Aldaketaren Espainiako Bulegoko zuzendaria), Yayo Herrero (antropologoa eta aktibista ekofeminista) eta Mari José Sanz (Basque Center for Climate Change ko zuzendaria) izango ditu hizlari (urriaren 28an eta azaroaren 25ean izango da, 19.00etan).

Hazien eta agroekologiaren inguruko jarduerak ere berreskuratuko dituzte, Haziera ekimenaren baitan. Proiekzioei dagokienez, urriaren 1ean Aralar dokumentala ikusteko eta haren zuzendariekin hitz egiteko aukera izango da.

Uliako interpretazio zentroan ere tailerrak eta orientazio jarduerak antolatu dituzte.

Osasun eta segurtasun neurriak errespetatuz egingo dituzte guztiak. Hala, ekintzetan parte har-tzeko izena eman beharko da aurretik, edukiera mugatua izango baita eta kutsadurarik balego ekintzetan parte hartu duten guztiekin harremanetan jartzeko aukera izateko.