otxerik ez Kontxan. Ezohiko irudia izan zen atzokoa: Perla ingurutik Ondarretaraino autorik, autobusik eta motorrik ez zen ageri eta, espaloia eta bidegorria ez ezik, errepidea ere bizikletentzat eta oinezkoentzat izan zen.

Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astearekin bat egin du Donostiako Udalak eta, beste hainbat jarduerarekin batera, atzo Kontxako pasealekua ixtea erabaki zuen, 9.00etatik 21.00etara (Erdialdea eta Antigua lotzen dituzten autobusek ere ibilbidea aldatu behar izan zuten). Isurketarik gabeko mugikortasunaren alde lelopean, besteak beste, zama bizikleten erakustaldia antolatu dute aurten, adinekoekin paseoak trizikloan, Dbuseko sentsibilizazio-kanpaina eta Route 25 martxa.

Sinbolikoena, dena den, atzoko errepide mozketa izan zen. Berez, bihar da Europan autorik gabeko eguna, baina hitzordua aurreratzea erabaki zuen Udalak.

Erabaki hori, hain zuzen ere, kritikatu egin zuen Kalapie hiriko txirrindularien elkarteak: Udalari "ausardia politikoa falta zaiola" islatzen duela uste du, mozketa lanegun batean egin ordez igande batean egiteagatik (trafikoa eskasagoa da). "Benetako proba bat egin behar dugu, motordun ibilgailuen trafikoa eta trafiko pribatua bai hiriaren erdialdean bai auzoetan eta lantokietarako sarbideetan murriztuta, herritarrak hirian zehar modu osasungarrian ibiltzera behartzeko", proposatu zuen elkarteak. Haren ustez, horrek lagunduko luke ikusten "posible dela modu aktiboan edota garraio publikoaren bidez hirian zehar ibiltzea". Proba hori egiteko "inolako interesik" ez izatea egotzi zion Udalari.

Aurtengo mugikortasunaren asteko programazio "urriak" agerian uzten du, haien ustez, "Udala ez dagoela konprometituta ekimenarekin, ez eta kutsatzen ez duten desplazamendu osasungarriak sustatzeko apustuarekin ere". Hala, aurtengo programazioa inoiz baino "sinbolikoagoa" izaten ari dela gaineratu zuten eta, nota jartzekotan, "nahiko eskasa" lortuko lukeela esan zuten.

Programazio horretan, hala ere, parte hartuko du Kalapiek, gaur egingo duten Route 25 bizikleta-martxan, hain zuzen ere. Ildo horretan, ibilbide horretarako seinaleak eta sustapena eskatu du berriro elkarteak.

Eneko Goia alkateari ere egin dio deia, martxan parte hartzeko edo aste honetako ekintzak sustatzeko (hedabideetan lanera bizikletan joaten agertzea edo sare sozialen bidez programazioa zabaltzea proposatu dio).

Elkarteak berak aste hau baliatuko du hiriko bidegorrien sarea aztertzeko: "Zaharkituta dago, ez dira mantentze-lanak egin, puntu arriskutsu asko ditu eta seinaleztapena falta da". Azterketa egin ondoren hobetzeko proposamenak helaraziko dizkio Udalari.

Azken eguna

Oinezkoen eskalan

Mugikortasunaren astea bihar amaituko da eta antolatutako azken jarduera hiriko oinezkoentzako sarearen Metrominutu plano berriaren aurkezpena izango da, Donostia oinez leloarekin. Mapa sinoptiko bat da (metroek erabiltzen dutenaren estilokoa), eta hiriko leku ezagunen arteko denborak eta distantziak laburbiltzen ditu. Donostia oinezkoen eskalan egina dagoela agerian utzi nahi du.

Hala, hiriko zenbait leku mugarri gisa eta erreferentzia gisa erabili dira eta kultura-, gizarte- eta kirol-guneak ere bai. Alderdi Eder da abiapuntua edo planoko zero kilometroa eta, handik abiatuta, hiru ibilbide proposatzen dira: hiria puntatik puntara lotzen duena, kostaldeko eta ibaiko ibilbidea eta ibilbide berdea (parke eta berdegune gehienak lotzen dituena).

Kalapiek "benetako proba bat" egiteko eskatu du, hirian zehar modu aktiboan edo garraio publikoan mugitzea posible dela frogatzeko

Oinezkoentzako Metrominutu mapa sinoptiko berria aurkeztuko dute bihar, Mugikortasunaren Astearen azken egunean