- Donostiako EH Bilduren ustez, pandemiaren harira edo ondorioz hartutako hainbat neurri oposizioarekin adostea saihestu du Eneko Goia alkateak. Zenbait unetan eta zenbait neurrirekin adostasun hori posible izan zitekeela esan zuen Reyes Carrere EH Bilduko bozeramaileak, eta Goiaren "gobernantza eredua" kritikatu zuen.

Carrerek hasierako shock egoera "ulergarria" izan zitekeela esan zuen, baina udako hilabeteotan kudeaketak "okerrera" egin duela gaineratu zuen, eta neurri "proaktiboak" hartu beharrean, "Donostia atzean gera-tzen ari dela" uste du. "Hiri ereduarekin tematuta jarraitzen du", salatu zuen, baina, haren hitzetan, turismoan oinarritutako eredu ekonomikoak "oso ahulak" direla irakatsi digu pandemia honek.

EAJren eta PSE-EEren kudeaketa "txarraren" adibideak jarri zituen Carrerek, eta Udalak ikastetxeei ez diela behar bezala lagundu esan zuen, behar zituztenei baliabide teknologikoak eskainiz edo espazio publikoak haien esku utzita. "Hezkuntzaren ardura dela diote eta zerrenda bat pasatu diote, baina udal batzuk ari dira aurrea hartzen", gaineratu zuen.

Ostalaritzarentzat laguntza gehiago ere eskatu zituen eta Udalak emandakoak negozio txikienetara edo terrazarik ez dutenetara ez direla iritsi esan zuen. Auzoetako jai batzordeekin lankidetzarik ez dela egon ere aipatu zuen.

Egoera larria dela esan zuen eta langabezia-tasa duela hamar urteko krisiaren garaikoaren parekoa dela aipatu zuen. Hala, hemendik aurrera proposamenak egiten jarraituko duela EH Bilduk esan zuen bozeramaileak, eta lehentasunak eta hiri-eredua aldatzeko eskatu zion udal Gobernuari, "hiria orekatuagoa eta jasangarriagoa izan dadin zentzu guztietan".