Uztailean Donostiako turismoko datuak hobetu dira

21.08.2020 | 10:32

DONOSTIA. Donostiak ekaineko datuak hobetu egin ditu uztailean turismoaren arloan Koronabirusaren pandemia izan arren. Hala ere, eskuratutako datuak oso urrun daude duela urtebeteko kopuruetatik, krisialdi sanitarioa dela eta.

Cristina Lagé Turismo Sostengagarriko zinegotziak adierazi duenez, "Iaz erregistratutako datuetatik urruti ego narren, Donostian bisitarien kopurua gora doa pixkanaka, eta abuztuan bilakaera hori tinkotzea espero da. Zentzu horretan, bizi ditugun baldintzak kontuan izanda, albiste itxaropentsua da, pandemiak sektorean sortzen ari dituen ondorioak arintzen dituelako. Argi geratu da, beste behin ere, Donostia Euskadi mailan, turismoaren hiriburua eta motorra dela".

"Estatuko turismoa da erantzuten ari dena, eta logikoa da hori, hainbat herrialdek beraien biztanleei bidaiatzeko gomendatzen dizkieten mugak kontuan hartuta", adierazi du Lagek, "Bisitari frantsesak Donostiari leial izaten jarraitzen dute".

Turismo zinegotziak adierazi duenez, bisitariak erakartzeko lanean jarraitzen dute, batez ere, hurbileko bisitariak eta Estatukoak."Donostiak, zentzu horretan, erakargarri turistiko, gastronomiko eta kultural ugari eskaintzen ditu, askok oporrak igarotzeko aukeratzen dituztenak". Hala, abuztuak datu onak ematea espero du, nahiz eta aurreko urteetako erreferentzietatik urrun jarraitu.

EAEKO DATURIK ONENAK


Hala, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuak aintzat hartuz, gure hiriak izan du datuen beherakadarik gutxiena. Gaualdiei dagokionez, hurrengoak dira datuak: Donostian % 39,7 jaitsi dira ostatu-gauak, Bilbon % 62,9 eta Gasteizen % 54,8.

Bisitarien sarrerei dagokienez ere, Donostiak jasan du jaitsierarik txikiena: Donostian jaitsiera % 23,6koa izan da iazko datuekin alderatuta; Bilbon, aldiz % 60,8 sarrera gutxiago izan dira; eta Gasteizen jaitisera % 49,4koa izan da.