DONOSTIA. Donostiako Udalak bolumen handiko altzari zaharrak, etxetresna elektrikoak, obra txikien hondakinak eta bestelako bolumen handiko hondakinak kalean uzteagatik jartzen diren isunak indartu nahi ditu. Neurri honekin hondakin horiek bide punikoan botatzeko orduan ardura eta erantzukizuna lortu nahi da.

Miguel Ángel Díez Hiri Mantentzeko zinegotziak adierazi duenez, "zoritxarrez, gero eta deskontrol handiagoa dago hondakinak kalean uzteko orduan. Ez dago ordutegi librerik, ordu eta egun batzuetan utzi behar dituzte herritarrek hondakin horiek, dagokien zerbitzuek behar bezala jaso".

"Ez da bidezkoa hondakin horiek edozein ordutan jaistea, bilketa kamioia zein egunetan igarotzen den kontuan hartu gabe", adierazi du Miguel Ángel Díezek. Haren esanetan, "kaleak altzari zaharren zabortegi bihurtzen dira, ingurua itsusituta eta eragozpenak sortuta, bide publikoaren zati handi bat okupatzearen ondorioz".

Donostiako Udalak gogorarazi du bilketa egunera arte itxaron ezin duenak garbi guneak dituela, hondakin horiek uzteko. Bide publikoan egiten duten bitartean, eremu bakoitzerako ezarritako orduak eta egunak errespetatu behar dituzte. Horregatik, ordenantzan jasotako zehapenak gogortu nahi ditu Udalak, kontrolik gabeko portaera hori geldiarazteko.

Gaur egun, zigorrak arinetik oso larrira bitartetan sailkatuta daude, eta 3.000 eurora arteko isunak ezartzen ditu Udalak, hondakinak behar ez bezala uzteagatik, besteak beste.

Miguel Ángel Díezek nabarmendu duenez, "maiz ikusten dira eremu publikoan hainbat hondakin, hala nola pintura potoak, disolbatzaileak, obra paleak, beira laua eta ispiluak, inausketa eta lorazaintza hondakinak, pneumatikoak, auto edo moto bateriak, konketak, komunak, fluoreszenteak...; horrelakoak ezin dira ohiko edukiontzietan utzi, ezta baita eremu publikoan utzi ere. Garbi guneak dugu dagokien lekua".

ZENBAIT DATU

  • Zurezko paletak biltzea ez dago sartuta zerbitzuan, nahiz eta bide publikotik, batez beste, hamar bat kentzen dituzten egunean.
  • Obrako hondakinen bilketa nabarmen hazi da, berriro ere, 2017an eta 2018an atzerakada izan ondoren (iaz, 150.000 inguru). 2020an ere, joera bera nabari da.
  • Beira lauaren bilketa (leihoak, mahaiko kristalak, ateak, etab.) handituz doa. 2019an 35 tona kendu zituzten, eta, aurtengo joeraren arabera, 40 tona baino gehiago.
  • Inausketa eta lorezaintzako hondakin askoz ere gehiago jaso dituzte. Aurten, 35 tona baino gehiago bildu ditzakete, 2018an jasotako kantitatea bikoiztuta.
  • 2019an, 2.500 kilo pintura poto bildu zituzten.
  • Azken urteotan, tamaina handiko hondakinen bilketa handituz joan da. 2018an, 2.593.972 kilo jaso zituzten; 2019an, 2.668.466 kilo eta, aurtengo aurreikuspenaren arabera, 2.800.000 bat kilo izan daitezke.