- Guztira 356 ikastaro antolatuko ditu Donostia Kulturak datorren ikasturtean, koronabirusak nabarmen baldintzatuko duen ikasturtean. Pandemiaren ondorioz kopurua jaitsi egin da (iaz 642 eskaini zituzten) eta ikastaroen antolaketak ere izan du aldaketarik, egoerara moldatzeko asmoz.

Hala, urte osoko ikastaroak ia erabat desagertu dira eta gehienak (%97) trinkoak eta hiru hilekoak dira, bi epealditan antolatuta (urritik abendura eta 2021eko otsailetik maiatzera). Pandemiaren ondorioz saioak bertan behera utzi behar badira horiek errekuperatzeko epea legoke horrela urtarrilean eta ekainean, Jon Aizpurua kultur ekintzen arduradunaren esanetan.

Osasun eta segurtasun neurriak ere beteko dituzte eta, beraz, ikastaro bakoitzeko parte-hartzaile kopurua ere mugatuko du horrek.

Gainerakoan, dena den, urteroko ildoak jorratuko dituzte 2020-2021eko ikastaroek: arte plastikoak; eskulanak; arte eszenikoak, irudia, soinua eta komunikazioa; literatura; autoezagutza eta osasuna; eta humanitateak. Aurreko urteotako joerak dio arte eszenikoetakoak eta autoezagutza eta osasunarekin lotutakoak direla arrakastatsuenak, baita arte plastikokoak eta eskulanetakoak ere.

Kultur etxe bakoitzeko espezialitatearen ingurukoak ere antolatuko dituzte (irratia eta komunikazioa Casaresen, ikus-entzunezkoak Larrotxenen, arte eszenikoak Lugaritzen eta musika Egian eta Intxaurrondon), baita egile ikastaroak ere: aurten 91 izango dira, aurreko kanpainan baino hamabi gehiago.

Ikastaro guztietatik 23 haur eta gazteentzat izango dira eta gainerako 333, helduentzat (tartean 55 urtetik gorakoei zehazki zuzendutakoak ere badaude). Hizkuntzari dagokionez, 185 euskaraz emango dira, 166 gaztelaniaz eta hiru ele bitan. Gazteei zuzendutako beste bi ingelesez izango dira. Horietako bat nabarmendu zuten atzoko aurkezpenean Donostia Kulturako arduradunek: Harry Potter Universe, Slawka Grabowskaren eskutik (Literaktum jaialdiaren baitan).

Matrikula egiteko epea irailaren 14tik 27ra izango da eta online eta kultur etxeetan aurrez aurre egiteko aukera egongo da. Iaz izen-emateen %65 egin zen Internet bidez.

Pasa den ikasturteko datu batzuk ere eskaini zituzten, eta 5.000 matrikula izan zirela kontatu zuten. Dena den, ikastaro gehienen azken hilabeteak pandemiak baldintzatu zituen eta horietako ba-tzuk online emateko egokitu behar izan zituztela gogoratu zuten. Lanean ari direla ere esan zuten, hemendik aurrera programazioa formatu berrietan ere eskaini ahal izateko.

Kultur arlo eta ezagutza eremu desberdinak herritarrei hurbiltzea da Donostia Kulturaren ikastaroen asmoa, ikaskuntzarako eta aisia aktiborako guneak eskainiz. Alderdi asoziatiboak eta partaide-tzazkoak ere bultzatzen dira, baita sorkuntza ere.