Astearte goizean Paseo Berritik uhartera eraman dute Cristina Iglesias eskulturagile donostiarrak Donostiako Santa Klara uharteko itsasargian jarriko duen artelana. Donostiako alkate Eneko Goia eta Cristina Iglesias goizeko lehen orduan Paseo Berrira gerturatu dira eramate prozesua bertatik bertara jarraitzera.

Iritsi bezain laster, alkateak eta eskulturagile donostiarrak lore sorta bat jarri dute helikopteroa 6:30ean aireratu den tokian Haritz Galarraga pilotu donostiarrari eta bre lankideari omenaldia egiteko. Gogoan izan, Galarraga eskulturaren zatiak eraman behar zituen pilotua zela (itsasargiaren hustea egiteko erabili den garabia ere berak eraman zuen), eta bere lankidearekin batera Seu d'Urgell-en hil zirela duela aste batzuk istripu batean.

Eneko Goiak adierazi du, eskulturaren zatiak eramatearekin prozesuaren beste mugarri bat bete dela, eta honakoa gaineratu du: "Lanek aurrera jarraitzen dute. Epeak eta faseak betetzen ari dira, betiere kontuan hartuta eguraldia dela-eta ezin izan zela nahi adina aurreratu urtarrilean eta otsailean, eta konfinamenduan lanak gelditu behar izan zirela".

Horrenbestez, Goiak esan du, aurreikusita dagoela lanak urte amaieran bukatzea, eta 2021eko udaberrian obra bisitatzeko aukera izatea. Gainera, urtaro horretan lanak hiriarentzat izango duen garrantziaren pareko irekiera egin ahal izango da. Izan ere, nazioarteko eskultura eta artearen erreferente izango da.

Cristina Iglesias hunkituta agertu da eta honakoa esan du: "Prozesuaren une garrantzitsua da, eta eskerrak eman dizkie lanean ari den lan-talde guztiari". Behin eskulturaren zati guztiak eramanda, eskulturagile donostiarrak azaldu duenez, itsasargiaren barruan jarri behar dira; ondoren pasarela, estalkia eta artelanaren barrualdea amaitu behar da - besteak beste, leihoetako alabastroa -, eta azkenik argia eta ur frogak egin behar dira. Lan horiek guztiak udan eta udazkenean egingo dira".