- Pasa den astean Udaltzaingoak prezintatu egin zituen esnea saltzeko makinak, koronabirusaren ondorioz, makinan bertan kutsatzeak eman zitezkeela eta. Ekoizleek protokolo bereziak sortu behar izan dituzte hori ekiditeko eta, horiek onartuta, atzo berriro martxan jarri zituzten.

Donostian horrelako lau makina daude: Amarako Irun eta Easo plazetan, Antiguako Gaskonia plazan eta Groseko Nafarroa Beherean. Azkeneko biak Igeldoko Esneak kudeatzen eta hornitzen ditu. Protokolo berriari jarraiki, beste hainbat neurriren artean, orain egunean bitan joan behar dute arduradunek makinak erabat desinfektatzera. Lana handitu zaie baina, behintzat, bertan esnea saltzen jarraitzeko aukera daukate orain berriro.

Izan ere, Igeldoko ekoizleak ere galera nabarmenak izaten ari dira alarma-egoeraren ondorioz: haien produkzioaren zati bat Kaikuren-tzat da, baina gehiena zuzenean merkaturatzen dute eta hor sufri-tzen ari dira osasun-krisiaren ondorioak. Haien esne freskoa, batez ere, ostalaritzan saltzen dute, baita gozogintzan eta izozkigin-tzan ere. Eta lan horiek egiten dituztenak itxita daudenez, produkzioaren zati handi bati ezin irteerarik eman daude azken egunotan.

Denda batzuetan ere saltzen dute eguneko esnea eta horiek zabalik jarraitzen dute. "Baina irteera bide gutxi gelditu zaizkigu", kontatu du Eneko Dorronsorok, eta salmenten jaitsierarekin batera, galerak handitu direla gaineratu du.

Hala, eskertu du kaleko makinak berriro zabaltzeko aukera. Urte batzuk daramatzate makinekin lanean eta bezero leialak badituztela kontatu du Dorronsorok, egun hauetan baserriko esnea faltan bota dutenak. Babesa ere helarazi dietela eta eskerrak eman nahi dizkie igeldotarrak.

Dena den, alarma-egoera berezi honetan herritarrei deia ere egin die egunotan sare sozialen bidez, bertako produktuen alde egiteko, baita denda txikien alde ere, "inguruko sarea bizirik mantentzearen alde", alegia. "Dendari txiki eta baserritarrontzat falta genuen kolpea izan daiteke. Denon eskuetan dago", aipatu du.

Igeldoko Esnea familia-enpresa da, Ondazarte baserrikoa. Esnea ekoizteko eta saltzeko gurasoek abiatutako bideari eutsi zioten duela urte batzuk seme-alabek eta, garai berriei egokituta, salmenta zuzenaren alde egin nahian jarri zituzten lehen esne makinak kalean duela hamar urte. Donostiako gazte askok makina horiei esker ezagutu dute botilako eguneko esnea.

Hamar urte badira Igeldoko Esneak Antiguako makina jarri zuenetik, eguneko esnea botilan zuzenean saltzeko