donostia - Udal Gobernuak Iztuetako pasabidea kentzeko lanak eta Loiolako bulebarizaziokoak esleituko ditu gaur. Bi kasuetan aurrekontua ia sei milioi eurokoa izango da eta obren iraupena ere antzekoa izango da, hamalau hilabete ingurukoa. Beraz, 2021eko udarako egongo lirateke bi proiektuak gauzatuta.

Hemendik aurrera hilabete inguru izango dute prestaketa lanak egiteko obrak hasi baino lehen, baina udaberrirako lanean arituko dira, Marisol Garmendia Gune Publikoetako zinegotziak azaldu zuenez.

Iztuetako kasuan, makinak heldu baino lehen trafikoa nola kudeatuko duten antolatu behar dutela esan zuen Garmendiak eta Adifekin ere hitz egin behar dutela: izan ere, orain botako duten pasabidea trenaren gainetik pasatzeko eraiki zuten eta orain trafikoa trenbidearen azpitik pasako da.

Helburua Gros eta Egia arteko lotura hobetzea da. Segurtasunaren aldetik, egungo pasabidearen azpian puntu beltzak edo kritikoak ere egon daitezkeela eta obra honekin horiek desagertuko direla uste du udal Gobernuak. Lanak Construcciones Adolfo Sobrinok egingo ditu. Nolanahi ere, urtebete luzeko obrek eragina izango dute batez ere Egiatik Erdialdera doan trafikoan.

loiola Bigarren proiektuari dagokionez, Loiolako bulebarizazioaren tramitazioa luzea izan da. Hainbat aldaketa izan ditu urteotan zehar, hasiera batean lurrazpian aparkalekua egiteko asmoa baitzeukan Udalak eta norabide bakoitzean errei bakarra utzi behar zuen. Azkenean, dena den, aparkalekurik ez da egongo (proposatutako prezioan haiek erosteko eskari nahikorik ez zegoelako) eta hiru errei izango ditu Loiolako bideak (autobusen joan-etorria errazteko). Espaloi zabalak eta bidegorria ere egingo dituzte, kuarteletako biribilgunetik Erriberetakora doan tartean. Travesía Loiola izeneko UTEak egingo ditu lanak.