- Pandemiak iaz urteurrena bertan behera uztera behartu eta gero, Oñatzek bere mende erdiko ekitaldiekin aurrera jarraitzen du, . Apirileko hitzordurako euskal dantza tradizionala birsortzen duten bi talde gonbidatu ditu: Iurretako Mikel Deuna eta Iruñeko Duguna dantza taldeak, hain zuzen. Erakustaldia datorren 17an izango da plazako pilotalekuan, 18:00etan hasita. Sarrerak eskuragarri jarriko dituzte www.oñati.eus webgunean eta Txokolateixan, bost euroren truke.

"Biek ala biek ematen dituzte beraien herrietan dagozkien dantza tradizionalak. Lehenengo kasuan, Bizkaiko dantzariek dantza errepertorio ederra eskainiko digute; bigarrenean, berriz, azken hamarkadetan Iruñetik eta Iruñarako sortutako dantzekin gozatzeko aukera izango dugu", aurreratu dute Oñatz dantza taldetik.

Beraz, bi larunbat barru Euskal Herrian dagoen ondarearen "zati txiki baina izugarri handi bat" izango da ikusgai Oñatin. "Zorionez, ondare tradizionala bidea egiten ari da. Urratsez urrats ari gara, esan moduan, bidea egiten. Eta, jakina denez, ez dira pausu guztiak tamaina berekoak. Ikaragarri pausu handia eman zuten gure dantza taldeko hainbat eta hainbat emakumek beraien dantzarako tokia eskatu zutenetik gaurdaino", azpimarratu du Oñatzeko Komunikazio taldeko kide den Iñigo Murgiondok. Korpuseko Eguna horren adibide bat da.

Dena den, dantzari oñatiarrak ez dira bakarrak izan lanketa horretan. Iurretarrek ere izan zuten beraien "borroka", Oñatz dantza taldeak gogoratu duen bezala. Era honetan, jorratutako bidean izandako bizipenak eta beste hainbat kontu ezagutzeko parada izango da Jantzari: tradizioa eta parekidetasuna izenburuko dokumentalean. Jone Guenetxeak eta Carlos Iglesiasek zuzendutako lana hilaren 13an emango dute Santa Ana antzokian, 18:30etik aurrera. Sarrera doakoa izan arren, aldez aurretik erosi beharko da lehen aipatutako bideetan.