ARETXABALETA - Portasoleko autobus geltokitik hasita, kilometro bateko katea osatu nahi du Aretxabaletako Sarek datorren larunbatean. Horretarako, 18:30erako egin dute deialdia. "Pandemiaren aitzakiarekin presoen eskubideen murrizketa nabarmenak ematen ari dira: osasuna bermatu ezin izanagatik isolamendua ezarri da segurtasun neurri bakar gisa; informazio falta, tentsio uneak, bisitak egiteko zailtasunak presoaren isolamendua eta bakardadea areagotzen delarik€", salatu dute Sareko kideek.

Urtean zehar eragile zein norbanako ezberdinekin presoen eskubideak "gizarteratu" eta gero, Sarek "Aretxabaletan beste espetxe politika baten aldeko adostasun sozial oso zabala eta anitza" dela baieztatu du. "Herritarrak prest daude konponbidearen aldeko pausuak emateko", azpimarratu dute.

Larunbateko giza katea Portasoleko autobus geltokitik Herriko plazaraino egingo dute, osasun neurriak "zorrotz" betez. Dena behar bezala beteko dela bermatzeko 15-20 boluntario inguru arituko dira lanean. Mobilizazioan parte hartzera gonbidatzen dute herritar oro.

Bestalde, Garikoitz Garcia preso atxabaltarra Picassenteko espetxetik Zaballako kartzelara gerturatu izana albiste "pozgarria" da Sarerentzat, "batez ere, senide eta lagunentzat, jada ez baitituzte dispertsioaren ondorioak jasan behar".

"Oso pozik jaso dugu berri hau, baina Euskal preso guztiei ezartzen zaien salbuespenezko espetxe politika oraindik indarrean dagoenez, bai Garik eta baita gainontzeko euskal presoek ere hamaika zailtasun eta oztopo dauzkate legeak ahalbidetzen duen bidea egiteko", nabarmendu dute.

Beraz, eskubideak "urratzen" diren bitartean lanean jarraituko dutela esan dute, "gizarte zibilaren inplikazioa eta aktibazioarekin". "Argi baitaukagu bide horretan aurrera eginez lortuko dugula benetako bakea eta konponbidea", azaldu dute.