- Oñatiko 40 entitatek bat egin dute Euskaraldiarekin. 120 arigune sortuko dituzte eta bertan 563 lagunek egingo dute hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa, azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean. Atzo, antolakuntza batzordeak Euskaraldian parte hartzeko deia luzatu zien herritarrei, bi rolen bidez: ahobizi izanik edota belarriprest gisa. Horretarako, euskaraldia.eus webgunean sartu eta rola aukeratu beharko da.

Informazio gunea urriaren 26tik aurrera egongo da zabalik Euskaldun berria gelan (Bidebarrieta), astelehen eta asteazkenetan, 18.00etatik 20.00etara. Bestalde, bi produktu jarriko dituzte salgai: poltsak eta banderolak balkoi eta leihoak janzteko. Aipatutako gunean, Turismo bulegoan eta Txokolateixian egongo dira eskuragarri.