- Gazteen emantzipaziorako diru-laguntzak eskatzeko epea zabaldu du Oñatiko Udalak. Aurten bi berritasunekin: 18 eta 35 urte artekoek eskatu ahal izango dituzte -orain arte, 30 urte zen muga-, eta bestalde, laguntza hori nola edo zein maiztasunarekin jaso ere erabaki ahal izango dute; hau da, hilero, bi zatitan edo ordainketa bakarrean, esaterako.

"Argi dugu gazteek emantzipa-tze prozesuan dituzten trabak leuntzeko bitartekoak jarri behar ditugula; are gehiago, egungo alarma testuinguruak eta ostekoak gazteengan izan ditzaketen eraginak ikusita", adierazi du Haur eta Gazteria zinegotzi den Iker Oñatek.

50.300 euroko partida bideratu du Udalak programa honetarako. Eskaerak egiteko bi bide daude erabilgarri: telematikoa eta aurrez aurrekoa (HAZ). Hori bai, tramitea telematikoki gauzatzeko aholkua egin dute, osasun larrialdi egoeraren testuinguruan aurrez aurreko arreta zerbitzuan sor litezkeen pilaketak saihesteko ahaleginean. Beraz, Bak (www.egoitza.gipuzkoa.eus webgunean eskura daiteke) edo BAkQ ziurtagiri digitalak erabili behar dituzte eskatzaileek.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak martxan duen Gaztelagun emantzipazio diru-laguntzetarako tramiteak udaletxean egiteko aukera egongo da aurrerantzean, HAZ zerbitzuaren bidez (www.alokabide.euskadi.eus webgunean ere egin daiteke). Hala ere, Oñatiko emantzipazio diru-laguntzak eta Gaztelagunak eskainitakoak ez dira bateragarriak, eskatzailearen profilaren arabera batera edo bestera bideratuko dira eskaerak.