Antzuolak kalte ekonomikoak arintzeko laguntzak onartu ditu

Udalak 60.000 euro bideratuko ditu herriko negozio txikiei laguntzeko eta gizarte beharrei erantzuteko

03.05.2020 | 01:18

antzuola– Antzuolako Udalak 60.000 euro bideratuko ditu koronabirusak sortutako kalte ekonomikoei erantzuna emateko. Horietatik, 55.000 euro komertzioek, ostalariek eta bestelako jarduera ekonomikoek alarma egoeran izan dituzten kalteen eragina gutxitzeko zuzenduko dira. Gainerako 5.000 euro hezkuntza zentroen, eta eguneko zentro edo bestelako zerbitzuen itxieraren ondorioz haurren eta mendekotasun egoeran dauden zaintzarako eragozpenak arintzeko erabiliko dira.

Diru-laguntza zuzenak dira eta eskaerak egiteko 15 laneguneko epea izango dute herritarrek, behin deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta udal webgunean argitaratuta.

Kreditu transferentzia batetik hartuko dituzte 60.000 euro horiek, zehazki, Olarango eraikina berritzeko proiektutik. Aurtengo aurrekontuetan 91.000 euro gordeta daude horretarako. Hala ere, alarma egoerak justifikatuta, lanak hiru urtetan (bi urtetan gauzatzea aurreikusita zegoen) egiteko aukera du Udalak jasotako diru-laguntza galdu gabe. Gainon-tzeko 31.000 euroak kreditu globalean sartuko dituzte, bestelako beharren bat sortzen bada honi aurre egiteko.

Aste honetan bideokonferentzia bidez egindako osoko bilkuran hartu zuen erabakia Udal Gobernuak. EAJk aurka bozkatu zuen eta PSE-EE abstenitu egin zen. Diru-lerroen aurka ez dagoen arren, kreditu transferentziarekin bat ez datozela azaldu zuen EAJk, "laguntzak bideratzeko beste aukera batzuk" daudela uste duelako.

Bestalde, 2020ko aurrekontuak berrantolatzeko asmoa ere badu Udalak.