ARRASATE - Bergara Zaintzen herritarrak laguntzeko sarearen parte da Udala. "Gizarte Zerbitzuetatik detektatuta dauden bakarrik bizi diren 600 pertsona nagusiren etxeetara deitu dugu. Horrekin batera, 010 telefono zenbakia dago eskuragarri laguntza behar duten pertsonentzako; 8:00etatik 18:00etara jasotzen dira deiak", azaldu zuten atzo Udaletik. "Laguntza sareak osatu dira erosketa beharrei eta hondakinak ateratzeari eran-tzuteko, baina zaintza lanak dira hurrengo asteetan izango dugun erronka handiena", gaineratu zuten.

Arrasaten, asteburuan herriko eragileak eta norbanakoak antolatzen hasi ziren boluntario sare bat sor-tzeko helburuarekin. Dagoeneko 200 bat arrasatear batu dituzte. "Alde batetik, adinekoei elikagaiak edo medikamentuak erosten lagunduko diegu, eta bestalde, haurren zaintzan eta eskolako lanetan laguntza emango dugu", adierazi zuten zaintza sare herritarreko partaideek.

Bi telefono utzi dituzte eskuragarri: 697 972 222 (erosketak) eta 602 641 990 (haurren zaintza). Horrez gain, psikologia zerbitzua ere eskaini nahi dute, arlo horretako boluntario profesionalen zerrenda sortuz.

Arrasateko Udalak, Gurutze Gorriarekin elkarlanean, COVID-19ari aurre egiteko erantzun plana osatu du, bi neurri nagusi abian jarriz: Konfinamenduan edo berrogeialdi-neurriek eraginda bakandurik dauden pertsonei etxez etxeko laguntza eskaini eta arrisku taldeetan dauden pertsonei jarraipen telefonikoa gauzatzea. Zerbitzu hori behar duenak udalera deitu beharko du (010 edo 943 252 000).

EHUN HERRITAR Oñatin, boluntario sarea eratzeari ere ekin dio Udalak, herritarren zaintzarako, beharrezko gauzak erosi eta etxera eramateko, edo bestelako beharrei erantzuteko. "Dagoeneko ehun herritar baino gehiagok eman dute izena", esan zuten atzo udal Gobernutik. Beraz, boluntario gisa jardun nahi dutenek zein laguntza beharrean daudenek 688 886 519 telefonora deitu behar dute, 9.00etatik 14.00etara.

Aretxabaletako Udalak, bere aldetik, bakarrik bizi diren adinekoen eta babesik gabeko egoeran dauden pertsonen beharrak asetzeko laguntza zerbitzua martxan jarri du. Horren bidez, premiazko produktuak eramango dizkiete etxera.