oñati - Beskoitze Lapurdi ipar-ekialdeko udalerria da, 2.700 biztanle ingurukoa. 2013. urtean sortu zuten ikastola, geroz eta frantses hiztun gehiago dagoen eremu horretan euskararen iraupena bermatzeko tresna gisa. Hiru ikaslerekin eta etxe partikular batean hasi zuen bere ibilbidea, eta gaur egun Ahurti, Bardoze, Beskoitze eta Urketa herrietako 39 ikasle batzen ditu ikastola honek. Eraikin prefabrikatuetan ikasten dute, baina lekua txiki geratu da.

Testuinguru honetan, Oñatiko Txantxiku eta Bergarako Aranzadi ikastolak elkartu dira Lapurdiko Beskoitze ikastolaren aldeko elkartasun keinua egiteko, eta horretarako, bi ekintza antolatu dituzte datozen egunetarako.

"Auzolana da gure ikastolaren oinarria. Gurasoek sortu genuen eta bere kudeaketa osoa gure esku dago. Aturri bazterrean euskararen egoera larria bada ere, gurasoek tinko eusten diogu gure nahiari, eta azpimarragarria da momentu honetan Beskoitzeko ikastola osatzen dugun 29 familiatik 17 erabat erdaldunak direla. Hala, ikastolak inguruko familiak euskalduntzeko helburu finkoa du", azaldu zuen atzo Haritza Camblong gurasoak Txantxiku ikastolan egindako aurkezpenean.

Beraz, erronka berri baten aurrean daude 2013az geroztik ikastolak izan duen hazkundea kontuan hartuta. Lursail bat topatu, erosi eta ikastola berria eraiki nahi dute, modulu prefabrikatuak atzean utzi, hezkuntza-espazio egokiagoa sortzeko.

Proiektu hau aurrera eramateko laguntza ekonomikoa behar dute. Txantxiku eta Aranzadi ikastolek egitasmo honi bultzada bat ematea erabaki dute, eta helburu honetara iristeko hainbat ekintza prestatu dituzte.

sarrerak salgai Datorren igandean, Oñatiko San Migel parrokian kontzertu eder batekin gozatzeko aukera egongo da, 18.00etatik aurrera. Pantxoa eta Ugo Carrere, Iñaki Dieguez, Marie eta Pantxix Bidart, Mattin Lerissa, Mixel Ducau, Maialen Errotabehere, Iñigo Arrazola, Juan Valls eta Ander Etxaniz abeslari eta musikariekin batera, Beskoitzeko eta Txantxiku ikastoletako haurrak arituko dira eszenatoki gainean.

"Manex Pagola Nafarroa Behereko idazle, abeslari eta politikari zenaren omenezko kantaldia izango da. Besteak beste, Urtxintxak euskal abesti ezagunaren egilea da Pagola, nahiz eta Pantxoa eta Peio bikotearen moldaketak egin zuen bereziki ezagun. Hain zuzen, Baionako ikastolako sorrerari lotua dago kantua", adierazi zuen Txantxikuko guraso elkartearen presidente den Gema Bikuñak.

Sarrerak dagoeneko eskura daitezke, helduek hamar euro ordainduz, eta umeek eta gazteek (sei urtetik 18 urtera arte), bost euro. Oñatiko kasuan, ikastolako idazkaritzan eta Txokolateixan salgai daude, eta egunean bertan parrokian ere. Bergaran, aldiz, Aranzadin daude eskuragarri.

Otsailaren 7rako, gainera, Beskoi-tzeko ikastolaren alde egingo dute korrika. "Elkartasun-dortsalak soinean, Bergara eta Oñatiko kaleak zeharkatuko ditugu euskara hauspotu eta beharrezko proiektu honi sustengua emateko", nabarmendu zuen Aranzadi ikastolako zuzendari den Agurtzane Loidik.

Egun horretan, Oñatin, Haur Hezkuntzako eta Bigarren Hezkun-tzako ikasleek parte hartuko dute goizeko krosetan. 15.00etan, Lehen Hezkuntzakoen txanda izango da, eta 17.00etatik aurrera, Herriko plazan hainbat ekitaldi egongo dira: marrazki-margoketa, globoflexia, txosna jan-edanarekin... 18.00etan, herri krosa hasiko da.

Bergaran, ordea, maila guztietako ikasleek goizez zein arratsaldez korrika egingo dute. 17.00etan hasita, Seminarioko patioan ekintza desberdinak jarriko dituzte martxan: elkartasun-kutxa, jolas dinamikoak, pintxoak eta musika, besteak beste.