uruntzaldean nekazaritza eta abeltzantza geroz eta urriagoa den arren, biztanleriaren izaeran errotua dago. Horregatik, gaur San Ixidro eguna ospatzen da lau herritan, garai bateko ohiturak ez ahazteko eta gaur egun bizirik daudenak goraipatzeko.

Esaterako, Hernanin jaia 11.00etan hasiko da Ezkiaga pasealekuan. 11.15ean emakumezkoen goi mailako pala partida eta ondoren gizonezkoen goi mailako eskuz binakako partida izango dira frontoian.

12.00etan meza izango da eta hau bukatzean, 13.00etan, Arriatzu baserriko Jose Ramon Zeberio Zubiarrain eta Manoli Zubelzu Txapartegi, Maialen Zeberio Zubelzu eta Ane Zeberio Zubelzu osatzen duten familia omenduko dute. Ondoren bertsolariak eta herri kirolen erakustaldia egongo da.

Urnietan, 12.00etan patroiaren omenezko meza eta ondoren hamaiketakoa Lekaio kultur etxean antolatu ditu Baserritaren Elkargoak, Urnietako Udalaren laguntzarekin. Udaletik adierazi dutenez, egun hau seinalatua izaten da baserritarren egutegian, otordu baten bueltan, euren gorabeherak kontatzeko aukera ederra izaten baitute.

Usurbilen ere, herriko baserritarren lana goraipatu nahi dute gaur. Horretarako, ohitura zaharrari jarraituz, goizeko egitaraua izango da herriaren erdigunean, 11.30etik aurrera.

Alabaina, ekitaldi gehien ospatzen dituen herria Astigarraga da. Aurten, San Ixidro eguna eta Ilar Eguna batu dituzte eta Lurraldia izeneko ekimena sortu dute, baserritarren lanari duen balioa eman eta astigartarrei ikusarazteko helburuarekin.

Hala eta guztiz ere, gaurko egitaraua pandemia aurretik Goldea elkarteak osatzen zuenaren formatu berdina mantentzen du.

Festa Foru plazan kokatuko da eta 9.30ean hasiko da Elustondo trikitilariakin. 10.00etan, prozesioa, meza eta ondoren hamaiketakoa izango da Gure Izarra elkartean.

10.00etan ere, Lizardi baserriko loreen erakusketa egongo da eta bertako familia aurtengo omendua izango da eta esker ona emango diote bazkalondoan.

12.30ean idi-dema izango da, plazaratu gabeko idiekin. 1.640 kg-ko Atxitxe harriarekin arituko dira. 13.00etan, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariak izango dira plazan.

Amaitzeko, 18.00etan herri kirolak hasiko dira emakumezko eta gizonezko partaideekin. l